[Erreportajea] The Iiingles taldea, emakume musikarien egoera azaleratzen
Hondarribiko musika taldeetan emakumeen presentzia nekez topa daitekeelako, The Iiingles sortu zuten herriko bost emakumek. Emakumeek sortutako abestiak bertsionatzen dituzte.
Psilocybenearen 25. urteurrena izan zen duela hiru urte, eta musika taldeak oholtzara igotzen ospatu zuten. Bertan izan ziren lanean Pilar Blanco, Oihane Bengoetxea, Ane Arbelaitz, Maider Peluaga eta Itzi Basterretxea. Festa horretan, talde guztietako kideak gizonezkoenak zirela ohartu ziren eta, Bengoetxearen esanetan, ea beraiek zergatik ez zuten musika talde bat sortuko galdetu zieten haien buruei. «Gainera, gure taldean denek jo izan dugu instrumenturen bat aurretik». Hausnarketa txiki horretatik abiatuta, elkartu egin ziren. The Iiingles sortu zuten. «Ez dakigu ezer, baina gustatzen zaigu, eta hori da garrantzitsuena», azaldu du umorez Blancok.
Urteurren horretan, gainera, boluntario moduan laguntzera joan ziren bostak, eta orduan iritsi zitzaiela motibazioa du gogoan Bengoetxeak. «Pentsatu genuen, nahiz eta instrumentuekin trebakuntzarik ez izan, elkar gintezkeela eta hutsetik hasi». Basterretxeak berretsi egin ditu hitz horiek: «Hori da, denak maila berdinean ginen, eta orduan lagunen artean zerbait sortzea errazagoa izango litzatekeela uste genuen, dagoneko sortua dagoen talde batean sartzea baino». Han hasi ziren euren egitasmoa gorpuzten.
Emakumeen presentzia eszenan
Emakumez bakarrik osatutako musika taldeen bertsioak egiten dituzte. Blancok azaldu du «oso zaila» dela abestiak topatzea, askotan gizonek sortutako eta emakumeen taldeek bertsionatutako abestiekin topo egin dutelako. Arbelaitzek onartu du, gainera, ez dituztela talde horiek ezagutzen: «Gure ezjakintasunak eta panorama orokorrak ez dute laguntzen». Ilusioz oroitu du Blancok, ordea, lehen aldiz Psilocybeneako bertsio gauan jo zutenekoa: «The Bangles taldearen Walk like an egypcian jo genuen, eta horregatik da taldearen izena The Iiingles. Bertsio gauetik dator eta mantendu egin genuen».
Elkartu eta taulara igotzea ez zen bi urratseko bidea izan. Zailtasunak eduki dituztela zehaztu du Blancok. «Gauzak muntatzerakoan laguntza behar izan dugunean beti gizonen bat etorri zaigu, eta uste dut emakumeok gu geu gutxiesten garela alor teknikoko gaiekin». Horri Peluagak gaineratu dio oholtza gainean duten jarrerak zerikusia duela baita ere musikaren munduan emakumeak duen presentziarekin.
Psilocybe barruan ere sentsazio berbera bizi izan dutela sentitu dute, eta adibide gisa jarri du Bengoetxeak bertako asanbladaren barnean —partaide gehienak gizonak dira— bizi izan duten arazo estruktural matxista: «Lehen hilabetean guk garbitu genituen komunak. Ez da kointzidentzia. Ez zegoen komuna garbitzeko txandarik eta gu geu arduratu ginen horretaz. Orain badaude txandak eta betetzen dira, baina adibide horrek esanahi handia du». Gauza asko orain arte oharkabean pasatu direla uste du Bengoetxeak, eta emakumearen ikuspuntutik aztertu izanak, asanblada osoak horren gaineko hausnarketa egin behar izana ekarri duela azaldu du. «Emakumearen presentziak baikor eragiten du gizonezkoa izan den eremu batean».
Erreferenteak
Jendeak gutxieneko kontzientzia izatea, eta emakumeek oholtzetan egon behar dutela kontuan izatea positiboa dela baloratu du Bengoetxeak. Blancok gaineratu du emakume erreferenteak behar direla musikan, eta herrikoak direnak. «Gaztetan Psilocybera sartu nahi nuen, baina norbait ezagutzen zuena sar zitekeen gehienbat. Uste dut Hondarribiko neskek behar dituztela beste erreferente batzuk». Hirugarren kontzertua hilaren 28an dute, Irungo Lakaxita Gaztetxearen Jaion urteurren festan. Erreferente izateko bidean dira. Blanco: «Bidasoan talde bat baldin baduzu helburuetako bat da Jaionen egotea, oso guai dagoelako».