Sortzaileentzako jardunaldiak antolatu ditu Bidasoa Bizirikek elkarlanean
Lehen jardunaldia egin berri dute, eta bigarrengoan parte hartzeko aukera oraindik zabalik dago. Lankidetza-proiektuak garatzeko aukera berriak sortzea dute helburu.
Bidasoa Bizirikek, Kultura eta Sormen Topaketak jardunaldiak antolatu ditu Bilbo Ekintza, Getxolan, Meatzaldea, Urola Kosta, Oarsoaldea eta Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin batera.
Lehenengo jardunaldia Bilbon egin dute eta bertan izan dira Irun eta Hondarribiko zazpi enpresetako ordezkariak; Ena Love & Ilusions, Heria San Sebastian, Julia Lasa, Viv Vintage, Javi Agirre, Aperitiv Studio eta Samarkanda Tatto sortzaileak, alegia. Guztira 40 bat enpresa elkartu ziren Bizkai eta Gipuzkoakoak.
Helburua “zuzenean eta zeharka sormen-industrietan eta horiekin lotutako sektore ekonomikoetan lan egiten duten artista, profesional eta enpresak elkartzea” da. Era horretan, ezagutza partekatu, networkinga landu eta lankidetza-proiektuak garatzeko aukera berriak identifikatu nahi dituzte bertaratutakoek. Hurrengo hitzordua Zarautzen daukate urriaren 27an, eta oraindik izena eman daiteke parte hartzeko.
Sortzaileetako bat den Nora Ferreirak balorazio ona egin dio batzarrari, eta nabarmendu nahi izan du lankidetzan aritzeko aukera eskaintzen duela, “aukera ona dela EAEko beste toki batzuetan sektoreko beste profesional batzuek zer egiten duten jakiteko eta etorkizunean lankidetzan aritzeko hazia ereiteko”.