Mugikortasunaren gaineko hausnarketa egingo dute Larreaundi-Olaberrian
Hala nola, auzoan TAO sistema ezartzeko, bidegorri sare eta azpiegiturak aztertzeko asanblada ireki bat antolatu dute datorren asteazkenerako.
Datorren asteazkenean, hilak 25, asanblada irekia egingo dute Larreaundi-Olaberria auzo elkartean, 19:30etik aurrera. Auzotar guztiak gonbidatuta daude auzoko mugikortasunaren gaineko hausnarketa egitera.
Auzo elkartearen arabera, “korapilo potoloa” daukate mugikortasunaren aferarekin. Horren aurrean, auzotar batzuek TAO sistema ezartzea proposatu dute. Baina haratago joan nahi dute, “mugikortasunaren gaia ez da horretara mugatzen”.
Zentzu horretan, honako galderak egin dituzte hausnarketarako: “Ba al ditu auzoak merezi duen bidegorri sare eta azpiegitura? Saiatu beharko genuke kotxeak hartzen digun auzo-eremua mugatzen? Nola?”. Horrez gain, Larreuandi-Olaberria auzoen eta erdigunearen arteko lotura seguruago ere galdegin dute.