[Erreportajea] Lehen hatsa hartuko du igandean ‘Bi arnas’ dokumentalak
Hilabeteetako lanaren ondoren, Iratxe Sorzabalen torturak ardatz dituen dokumentala estreinatuko dute, igandean, 18:15ean, Amaia KZn. Torturak Sorzabal eta haren amari eragin dien oinazean oinarritzen da.
Iratxe Sorzabal irundarrak 2001ean atxiloaldian salatutako torturak ardatz dituen Bi arnas dokumentala estreinatuko dute etzi, 18:15ean, Amaia KZn. Ikus-entzunezkoan parte hartu dute Mari Nieves Diaz Sorzabalen amak, Nekane Txapartegi 1999an torturak salatu zituen asteasuarrak, Paco Etxeberria auzi medikuak, eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohiak. Sorzabalen testigantzak ere jaso dira, horien artean 2001ean ihesi zela, Bruselan, Euskal Herriko hedabide bati eskaini zion argitaratu gabeko elkarrizketa baten irudiak erabili dituzte dokumentala osatzeko, baita Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketako deklarazioa ere.
Izenburuak ama-alabaren arnasari egiten dio erreferentzia, torturak eragin dien itolarriari, arnasik ezari. “Ama eta alabak torturari buruz inoiz eduki ez duten elkarrizketa bat da, bakoitzak tortura nola bizitu duen”, adierazi du Imanol Arzuaga Kima dokumentalaren sustatzaileak. Izan ere, Sorzabal ez Diaz ez dira torturen gainean mintzatu orain artean, eta zentzu horretan, dokumentalarekiko izan duten prestutasuna nabarmendu du Arzuagak.
Sorzabalen kasutik abiatuta, filmak torturaren gaia mahai gainean jarriko du. Txapartegik 1999an berak pairatutako torturen gaineko kontakizuna egingo du, eta Etxeberriak nahiz Portellik tortura testuinguruan jarriko dute, “egiaztatzeko ez dela kasualitatea, sistematikoa baizik”, zehaztu du Arzuagak. “Iratxe duela 20 urte torturatu zuten, baina oraindik bere barnean ordaintzen ari da, sekuelak ditu, eta bere torturengatik autoinkulpazioa egin zuen. Horregatik epaitu eta zigortua izan da”, gaineratu du.
Dokumentalaren atzean, Iratxeren Lagunak iniziatiba dago. Ideia 2020ko urrian otu zitzaien, Sorzabalen kontrako epaiketaren atarian: “Nolabait lagundu egin nahi genion, eta dokumental bat egitea bururatu zitzaigun”. Filmari forma ematen, ekoizpena lantzen nahiz dirua biltzen pasatu zituzten hurrengo hilabeteak. Hala nola, itsulapikoa.eus-en crowdfunding kanpaina bat jarri zuten —helburua lortu dute, 12.000 euro— eta handik eta hemendik ere aritu dira finantzazioa lortzeko diru bila. “400 pertsonak parte hartu dute modu batean edo bestean, eta oso harro gaude erantzunarekin”, adierazi du Arzuagak. Dokumentalean boluntario moduan aritu direla argitu du, baina profesionalak ordaindu dituztela kalitatezko lan bat osatzeko: “Zerbait duina egin ahal izan dugula esango nuke”.
2021eko abenduan hasi ziren grabatzen eta muntatze lana bukatu berri dute. Emaitzarekin kontent geratu direla azaldu du Kimak, eta amateurrak direla kontziente diren arren, feedback ona jasotzen ari direla, batik bat edukiaren aldetik: “Torturatuak izan diren beste pertsona batzuekin kontrastatu dugu, eta esan digute mezua ondo zabaldu dugula. Helburua ez zen zerbait dramatikoa egitea; uste dugu asmatu dugula”.
Orain, dokumentalak ahalik eta zabalkunde handiena izatea nahi dute. Hori, ordea, uste baino zailagoa izango dela iritzi dio Arzuagak: “Sumatzen da instituzioetan gai tabu bat dela, eta jendeari erreparoa ematen diola horrelako proiektuak zabaltzeak”.
Muara kultur elkarteak eta Borda Gorri Produkzioak-ek ekoitzi dute dokumentala. Jon Mikel Fernandez Elorz aritu da zuzendari eta gidoilari, eta musika Eneritz Furyak-ek jarri du.