Ekocenterreko jarduerak bultzatzeko hitzarmen bat sinatu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 100.000 euroko laguntza ekonomikoa bideratuko dio Irungo Emaus Gizarte Fundazioari.
Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hitzarmen bat sinatu du Emaus Gizarte Fundazioarekin. Hitzarmenaren helburua Irungo Ekocenterreko jarduera bultzatzea da, eta, horregatik, Ingurumeneko Departamentuak 100.000 euroko diru laguntza bideratuko dio Emausi hondakinak berreskuratu, berrerabili, konpondu eta birmanufakturatzen jarraitu dezan.
Emausek Irunen duen Ekocenterra duela 10 urte ireki zen, baina honakoa ez da Gipuzkoan dagoen Ekocenter bakarra, Belartza industrialdean eta Arrasaten ere hondakinak jaso eta birgaitzen dituzte.
Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, Ekocenterrek orain arte egin duten informatzaile eta kontzientziazio lanaz gain, prebentzio funtzio garrantzitsua egiten dutela goraipatu nahi izan du. Horrez gain, 2021ean, 191 mila tona etxeko hondakin bildu ziren Gipuzkoan, eta Ekocenterrek, hondakinak jasoaz, ekonomia zirkularra bultzatzeaz gain “enplegua sortu eta behartsuenei arreta berezia eskaintzen die”.
Jose Antonio Santanok Ekocenterren arlo gizatiarra nabarmendu nahi izan du, birtziklatzeaz gain “pertsonekin lan egiten duen proiektua” baita, “eta hori ezinbestekoa da”.
Bilerarekin amaitzeko, Javier Pradinik, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak, jaso berri duen laguntza eskertu, eta, oraindik, hiri hondakinen arloan, “asko egin daitekeela” gaineratu du.