EAJ: "Turismo Berdearen Plan bat diseinatzeko garaia da"
Turismo Berdearen Plana osatzeko, jeltzaleek, 25.000 euroko zuzenketa proposatu dute.
EAJren ustez Irunek potentzial handia du, baina “tamalez” hiriak lurraldeko sinergiak eta baliabideak desaprobetxatzen jarraitzen du. Jeltzaleek diotenez turismoa “laster suspertuko da”, eta Bidasoa Bizirikek egindako azterketa turistikoa kontuan hartuz, “Irunek aukerak badituela” erakusten duela adierazi dute. Horregatik guztiagatik, Turismo Berdearen Plan bat diseinatzeko momentua dela ondorioztatu dute.
Datozen hilabeteetan, urte hasieran ezagutzera eman ziren zenbait proiektu martxan jarriko dira, hala nola, Badia Berreskuratzeko Plan Zuzentzailea edo Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko dituen bidegorri sarea. Aipatutako proiektuak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektuak dira eta EAJren ustez udal gobernuak ez du “lankidetza bultzatzeko jarrera egokia” agertzen.
Dena dela, Turismo Berdearen inguruko estrategia eta plana diseinatzeko, datorren kreditu modifikazioari begira, 25.000 euroko zuzenketa proposatu diote gobernuari. Halaber, plana eratzeko garaian hiriko hotel establezimenduekin, ostalariekin eta saltorekin zuzeneko elkarrizketak egin beharko liratekeela uste dute.