[Galeria] Asturiagako hilketaren gaineko informazio gehiago eskuratu dute
Hilketak muntaia baten parte direla baieztatzeko frogak topatu dituzte 'Cronicas del Pais Vasco' hedabidean jasota. Gainera, momentuko Mercedes Iridoi alkateak faxistekin ez zuela kolaboratu nahi izan jakin dute.
Errefuxiatuta zeuden Roke Xabier Mendez Villada Poeta 21 urteko santurtziarra, eta Jose Luis Mondragon Moriko 27 urteko arrasatearra, gaur, duela 48 urte, hil zituzten Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Asturiaga hondartzan egindako segadan.
Tiroz hil zituzten bi iheslariak infiltratutako polizia batek bultzatuta. Oraindik zehatz-mehatz ez dakizkite hilketaren nondik norakoak, Asturiaga 1974 elkarteak adierazi duenaren arabera.
Alta, biktimak errekonozitzeko legeak haien aitortzarako bide berri bat ireki du, eta Mendez Villadaren familiak legea aplikatzea eskatu du. Forentse batek haren gorpuzkiak ikertzea eskatu du “datu gehiago biltze aldera” Poetaren familiak.
Mondragonen familia, berriz, “etsituta” dagoela biktima gisa aitortze horretan adierazi du Xabi Bengoetxea Asturiaga 1974ko kideak, Morikoren gorpuzkiak hobi komun batean daudelako.
Horrez gain, gertatutakoaren gaineko informazio gehiago eskuratu du elkarteak, esate baterako, J. Oñate izeneko kazetari batek Cronicas del Pais Vasco kazetan La masacre de Hondarribia izeneko kronikan azaldu zuen “Bidasoaren bi aldeetako hedabide euskaldunek” baieztatu zutela ez zela lehen aldia izan bi gazteak bertako hondartzara joan zirela.
Dena den, eraildakoen ingurukoek ez dute baieztapen horretan sinisten, “ez ziren afera horietan sartuko”. Izan ere, Poetaren emaztea haurdun zegoen. Gainera, Villada triste zegoela diote ingurukoek, bere familiari ez baitzioten Donibane Lohizunera joateko pasaportea eman, “Carrero Blancoren hilketagatik”.
Kronika horretan ere Moriko bajan zegoela lan istripu batengatik dago jasota. Fundición Muserola de Baionan egiten zuen lan, eta momentu horretan beso-euskarri bat zeraman. Horrez gain, herriko Espainiako kontsulak bazekiela xehetasun hori jaso zuen Oñatek, goizeko 07:00etan deitu baitzion enpresako zuzendariari bere langilearen heriotzaren berri emateko. Itsasontzi txiki batean bertaratzea osasun egoera horretan so zaila zela zioen Oñatek, ezin zuelako arma bat eskuetan eutsi eta are gutxiago metraileta bat. “Honek berresten du hau muntaia bat besterik izan ez zela”, dio Bengoetxeak.
Azkenik, Guardia Zibilaren goi kargu batek garaiko Hondarribiko alkate Mercedes Iridoi eraman zuen Asturiaga hondartzara gorpuak identifika zitzan, baina ez zuen onartu ikerketan parte hartzea honako hitz hauekin: “Ez, ez dut kolaboratuko. Zuek oso erraz tirokatzen duzue”.
Omenaldia arratsaldeko 18:00etan izan da eta gogoan izan dute ordu horretarako hil berri zirela Poeta eta Moriko. Lore eskaintza egin dute bertaratutakoek.