Irungo EAJk 2 milioi euroko 28 zuzenketa proposatu ditu
Jeltzaleen ustez Bidasoaren ertzaren birnaturalizazioak "ezin du gehiago itxaron". Horregatik hurrengo Kreditu Modifikaziorako, hiru zuzenketa proposatu dituzte (1,2 milioi euro) Bidasoaren ingurune naturala berreskuratzeko.
Gaur goizean Irungo EAJk hurrengo udalbatzan aurkeztuko dituen zuzenketen berri eman du. Izan ere, datorren asteko osoko bilkuran Kreditu Aldaketa izango dute puntu nagusi. EAJren hitzetan “2022ko Kreditu Aldaketarik garrantzitsuena” izango da gainera.
Jeltzaleak joan den astean bildu ziren Udal Gobernuarekin beren zuzenketak aurkezteko eta negoziaketa hasteko asmoz. Guztira, 2 milioi euroko 28 zuzenketa proposatu dituzte. Diru kopuru handiena Bidasoaren ertzari eskaini diote, beren ustez birnaturalizazioak ezin baitu “gehiago itxaron”. 1,2 milioi, Juan Thlamas Labandibar -55 etxearen erosketara, Ford Vertiz kontzesionario zaharra eraisketara eta Azken Portu kiroldegia handitzeko eta alternatibak bilatzeko proiektura bideratu dituzte. Xabier Iridoy bozeramaileak, gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, proposatu dituzten hiru zuzenketak, Hiriko Plan Orokorrean proiektu gisa jasota daudela gogorarazi nahi izan du.
Horrez gain, euskara, berdintasuna, kirola, mugikortasun iraunkorra, ongizatea eta orokorrean bizi kalitatea hobetzeko, gazte zein helduei zuzenduriko zenbait zuzenketa ere proposatu dituzte. Hala nola, auzoetan adinekoentzako gizarte zentroetarako eta lokaletako materialak erostea, haurrentzako euskarazko zinema bat eratzea edo emakume etorkinei edo transitoan daudenei zuzendutako programa bat sortzea.
Lehenengo bileraren ostean, akordio batera iristea “bidergarria” ikusten duela adierazi du EAJk. Orain teknikoen balorazioak jasotzeko zain daudela gaineratu du bozeramaileak.