Colon pasealekua futbol zelai bihurtuko da igandean
Igandero programaren barruan Real Union izango da aste honetako gonbidatua. 11:00etatik 13:30era, igandero bezala, Colon pasealekua itxita egongo da eta zenbait futbol jarduera egingo dira bertan.
Gaur goizean, igandean egingo diren jardueren berri eman dute Igor Emeryk, Real Unioneko klubeko presidenteak, Luis Sanchezek, Real Unioneko oinarrizko futbolaren arduradunetako batek, eta Borja Olazabalek, Kirol eta Mugikortasuneko ordezkariak.
Colon pasealekua futboleko entrenamendu zelai bihurtuko dute eta denetik egingo dute bertan: jolasak, gaitasun ariketak, ariketa teknikoak edo 3×3 partida txikiak, besteak beste. Ekintzetan hiriko edozein haurrek parte hartzeaz gain, Real Unioneko ikasleek ere parte hartuko dute.
Igor Emeryk adierazi duenez, Real Unionen aurtengo erronketako bat erakunde gisa haztea eta proiektu berria gizartera zabaltzea da. Horrenbestez, klubarentzat hiriko dinamiketn parte hartzea “garrantzitsua” dela nabarmendu du.