Martxan da Emakumeen VII. Pala Txapelketa
Ainhoa Moron Lasa eta Idoia Karrera Etxebeste irundarrek osatutako bikotea izan zen lehen jardunaldiaren garaile.
Joan den larunbatean hasi zen Emekik, Hondarribiko Pilota Eskolarekin antolatutako Emakumeen VII. Pala Txapelketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dien diru laguntzari esker lortzen dutela urtero txapelketa antolatzea adierazi dute antolatzaileek. Lau jardunaldi egingo dituzte txapelketaren baitan, lehena maiatzaren 14ean izanik eta finala ekainaren 4ean Jostaldi pilotalekuan.
Lehen jardunaldian Izaskun Amunarriz Izagirre (Hondarribia) eta Nerea Urizar Urrutia (Elorrio) bikoteak, Xuxuna Otxoteko Zubieta (Irun) eta Aloña Zabala Irastorza (Oiartzun) bikotearen aurka aritu ziren. Otxoteko eta Zabala izan ziren garaile 15-8.
Bigarren partida, Ainhoa Moron Lasa (Irun) eta Idoia Karrera Etxebeste (Irun), Otxoteko eta Zabalaren aurkakoa izan zen. Karrerak 2021eko txapelketa irabazi zuen Edurne Martiarenarekin, eta Otxoteko-Moronek osatutako bikoak irabazi zuen oraingoan.
Azken partida Otxoteko-Moron, Amunarriz-Urizar kontrakoa izan zen eta aipaturiko aurreneko bikoteak egin zituen lehenik 15 puntuak. Amunarriz eta Urizarren arteko koordinazio eta indarra nabarmendu du Emekik.
Ixabel Alkain Etxeberria izan zen epailea eta txapelketa hau berarentzat berezia dela adierazi zuen: “Emekik antolatzen duen Emakume Pala Txapelketa niretzat ekintza oso berezia da eta horregatik gaur galaz jantzita etorri naiz”.