Erosketa bonuak berriz ere dendetan, ekainaren 2tik aurrera
30 euroko erosketa bakoitzeko, 10 euroko deskontua jasoko dute erosleek. Bi fasetan banatu dute kanpaina: Ekainaren 2tik uztailaren 3ra, eta urriaren 1etik abenduaren 4era.
Ekainaren 2tik uztailaren 3ra, eta urriaren 1etik abenduaren 4 bitarte, Euskadi Bonu Denda kanpaina izango da abian Hondarribian. Jaurlaritzaren kanpaina da eta udalak bat egin du 40.000 euro inbertituz. Aurkezpena egin dute gaur udaletxean hiriko zenbait dendari eta Maria Serrano, Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.
Hirugarren bonu kanpaina dela oroitarazi du Serranok eta udala apustua egiten ari dela hiritarrek beraien hirian kontsumi dezaten adierazi du, “bertako merkataritzaren garrantzia handia dela jabetuta gaude-eta”.
Kanpaina
Hondarribian erroldatuta eta 16 urte baino gehiago duen edonork balia dezake eskaintza hau. Pertsona bakoitzak bost bonu izango ditu, eta 30 euroko erosketa bakoitzeko 10 euroko deskontua egingo da.
Hiriko komertzioei zuzendutako ekimena denez, izena eman behar dute interesdunek atzotik maiatzak 26 bitartean. Carol Fagoaga Amuitz Merkatarien Elkartearen ordezkari gisa izan da bertan eta saltokientzat “oso positiboa” dela horrelako kanpaina bat egitea nabarmendu nahi izan du. Izan ere, herritarrek herrian gastatzeko bideak errazten dituela dio, “denok oso emaitza onak lortzen ditugu eta pozik gaude halako ekimenekin”.