Etxebizitza turistikoen lizentziak eteten jarraitzea galdegin du Abotsanitzek
Lizentziak urtebetez gelditzea erabaki zuten iazko osoko bilkura batean, eta HAPO-an etxebizitza mota hauek arautzea proposatu dute.
2021eko pleno batean etxebizitza turistikoen lizentziak behin behinekoz etetea onartu zuten, eta orain, erabaki hori luzatzea eta etxebizitza klandestinoen aurkako neurriak hartzea galdegin du Abotsanitzek.
Donostia eta Bilboren atzetik Hondarribia da EAEn etxebizitza turistiko gehien duen udalerria, datu hauek Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik hartu dituztela adierazi du oposizioko taldeak. “Datuok, 2017ko abenduaren 31 eta 2021eko abenduaren 31 arteko bilakaera jasotzen dute, eta epe horietan %191,3 hazi zen hiriko etxebizitza turistikoen kopurua, 69 izatetik 201 izatera”.
Zenbaki horiek kezkagarriagoak direla salatu du Abotsanitzek, etxebizitza parkean duten eragina erreparatzen bada. “Izan ere, Hondarribiko etxebizitza-parke osoaren %2,3 dira etxebizitza turistikoak, beste herri turistikoen oso aurretik (Donostian, %1,34; Zarautzen, %1,28; Getarian, %1,8…)”.
Kopurua txikia dela dirudi baina ondorioak oso nabarmenak direla adierazi dute, “alokairu-eskaintza garestitzea, etxebizitzen prezioen gorakada, bizitegi-erabilera normalerako etxerik ez egotea, azpiegiturak kolapsatzea, gentrifikazio prozesua, auzotarren arteko edo komunitateko harremanen galera…”
Neurriak
Apirileko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuten baimen hauek erregula zitzaten baina atzera bota zuten. Abotsanitzen arabera premiazkoa da neurriak hartzea, batez ere, Hondarribian bizi nahi dutenek bertan bizitzeko aukera izan dezaten. HAPO-an etxebizitza turistikoak arautzeko neurriak jasotzea “interesgarria” dela uste dute, eta horretarako, egungo arauak zein aukera eskaintzen duen aztertu behar dela diote.
Era berean, ohiko erabilerarako alokairuzko etxebizitzen aldeko programak abian jar ditzaten eskatu dute, “Hondarribian ia ez dagoelako alokairuzko eskaintzarik. Hain zuzen ere, alokairuan bizi nahi dutenak dira, gazteekin eta errenta baxuko familiekin batera, kaltetuenak etxebizitza turistikoen erregulazio faltagatik”.