Nekazarien egun handia ospatuko dute igandean
Egun osoko egitaraua antolatu dute, baina aurten, trafiko aldaketak egongo dira Itzuliagatik eta ezingo da Labreder bidetik igo eguerdian.
San Isidro, nekazarien eguna da maiatzaren 15a, eta udalak egun osoko egitaraua antolatu du igande honetarako. Horren berri eman du Juan Luis Silanes Nekazaritza zinegotziak.
Egitaraua
Guadalupeko santutegiaren inguruan jakien azoka egongo da egun osoan zehar. Ondoren, 11:30ean prozesioa egingo da, eta 12:00etan meza bertsolarien parte hartzearekin. Jarraian, bertsolarien saioa hasiko da eta Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluz ariko dira.
Haurrengan ere pentsatu dute eta 16:30ean haur jolasak egingo dira, esate baterako, globoflexia tailerra. Arratsaldean berriz bertso saioa eskainiko dute eta aldi berean herri kirolak egingo dira. Hodei Ezpeleta eta Goizeder Beltza aizkolariak bertaratuko dira, baita Alex Txikon harri jasotzailea ere. Azkenik, buruhaundiek alaituko dute giroa.
Trafiko aldaketak
Eguerdiko 11:30ean Labreder, Guadaluperako errepidea, itxiko dute Emakumeen Itzuliagatik. Santutegira Higer bidetik igotzeko gomendioa egin du udalak. Lasterketa amaitzerakoan berriz irekiko dute ohiko bidea.