Irungo kultur agenda "oparoa" da, "hasiak gara erritmoa berreskuratzen"
Juncal Eizagirrek, Irungo Kultura arloaren ordezkariak, hurrengo hilabeteetarako proiektu estrategikoen berri eman du.
Gaur goizean, Irungo Kultura arloaren ordezkariak, hurrengo hilabeteetarako proiektu estrategikoak aurkeztu ditu.
Juncal Eizagirre ordezkariak, garrantzi berezia eskaini dio musikari, izan ere ‘Irun zuzenean’ plataformak 121.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz izan zuenaren hirukoitza. Plataforma honi esker kontzertuen agenda dinamizatzea eta zuzeneko musikari garrantzia ematea ahalbidetu dela adierazi du. Horrez gain, 2022ko edizioan Kultura km0 eta emakumeen parte hartzea sustatzeko baliatu dutela aipatu du.
‘Irun zuzenean’ irailaren 30etik urriaren 1era egingo da, FICOBAn, eta oraindik kartela osatu ez duten arren, panorama musikalean erreferentzia diren taldeek osatuko dutela aurreratu dute. Bestalde, aurtengo edizioaren kontratazioa martxan dagoela gogorarazi du Tokiko Gobernu Batzarrak duela astebete onartu baitzuen.
Horrez gain, Kultura km0 sustatzeko asmoz, kulturgintzan profesionalak direnentzako ekimen berriak martxan jarriko dituztela iragarri du ordezkariak. Bestalde, kultur ekitaldiak auzoetara eramateko programa berezia martxan jarri dute eta auzo elkarteekin harremanetan jarri dira. Proposamenak egin nahi dituzten artistek helbide honen bidez jarri daitezke Kultur Arloarekin harremanetan.
Sorkuntzarako laguntzei dagokienez, udalak 100.000 euro baina gehiagoko aurrekontua izango du azokak, bekak, muralak egiteko lanak eta bestelako ekimenak antolatzen jarraitzeko. Azkenik, ekipamenduei dagokienez lau proiektu aipatu nahi izan ditu Eizagirrek: CBAren bigarren fasearen obrak, Oiasso museoaren ondoko termak berreskuratzeko obrak, zeinak Europako Funtsen 2 milioi euroko diru laguntza duen, Ikust Alaia eta Luis Marianoren hiri museoa. Azken bi proiektuetarako 9 milioi euroko gastua aurreikusi du udalak.