Irungo CAFeko garbitzaileek greba egingo dute
Garbiketa enpresaz aldatuko du CAFek, eta negoziazio prozesu betean harrapatu ditu aldaketak.
CAFeko garbitzaileak grebara doaz. ELAk iragarri duenez, greba hilaren 20tik 31ra arte egingo dute. Garbiketa azpikontratatua du CAFek, eta orain arte EULEN enpresarekin aritu da lanean. Orain, ordea, enpresaz aldatuko du eta ISS sartuko da.
Langileak, ordea, negoziazio prozesu bete-betean harrapatu ditu. “Ez da ezer aldatzen guretzat. Guk ez dugu ez bilatu ez eskatu ere. Dagoenarekin negoziatzen jarraituko dugu”, aldarrikatu dute ELAtik.
Era berean, CAFeko giza baliabideen arduradunarekin bildu direla jakinarazi dute, baina irtenbidea langile eta azpikontratatuko enpresaren artean eman behar diotela adierazi diete. Euren ustez, ordea, enpresa nagusia da arauak jartzen dituena, “zerbitzua azpikontratatzen da, ez ardura”.
Beasaingo CAFeko garbitzaileek dituzten lan baldintza berberak eskatzen dituzte Irunen ere, eta, zentzu horretan, borrokan jarraituko dutela.