EAJk bizikletaren kulturaren garapenean beste urrats bat eman nahi du
Hurrengo kreditu modifikazioan bizikletentzako aparkaleku publikoak, estaliak eta seguruak ezartzea proposatuko dute.
Irunen bizikletak aparkatzeko leku publikoak, estaliak eta seguruak behar direla azaldu du EAJk. Izan ere, herritarrek, bizikleta aparkatzeko arazoak dituztela diote “etxean lekurik ez dutelako” edo “igogailurik ez dutelako”.
Egun, bizikleta Irungo garraiobide gisa sustatzeko saiakerak egiten ari dira eta jeltzaleen ustez “ez da nahikoa loturatik gabeko bidegorri sare batekin eta Euskotrenen erabileraren baldintzapeko aparkaleku batekin”. Diotenez, Euskotreneko erabiltzaileek soilik eta denbora mugatu batez bakarrik erabili ditzaketelako.
Horregatik guztiagatik, hurrengo kreditu modifikazioan bizikletentzako aparkaleku publikoak, estaliak eta seguruak ezartzeko dauden aukerak aztertzeko proiektu bat egitea proposatuko dutela jakinarazi dute Xabier Iridoy bozeramaileak eta Lourdes Larraza zinegotziak. Gainera, bizikleten aparkalekuak kudeatzeko erabili ahalko liratekeen hainbat formula plazaratu dituzte: bonu bidezkoa edo tarifa bidezkoa.
Horrez gain, kokapen posibleak aztertzea eta hiriko eragileen zein herritarren iritzia galdetzea beharrezkoa dela nabarmendu nahi izan dute, era honetan “guztion arteko benetako lankidetza sustatzeko”.