Bueltan da Irungo Sagardo Eguna
Etzi, beste behin, sagardoa izango da protagonista Urdanibia plazan. Hamabi ekoizlek parte hartuko dute.
Pandemia ondorengo lehen Sagardo Eguna bueltan dator. Etzi, Urdanibia plaza sagardoaren topagune bihurtuko da berriro, eta alde zaharrean jai giroa izango da nagusi. Buelta berezia izango da, XV.enez ospatuko baitute sagardoaren festa Irunen.
Aurten, hamabi sagardogileren uzta probatzeko aukera izango da. Gehienak, gipuzkoarrak izango dira, baina aurten berritasun bezala Urruña nahiz Lesakako nahiz Asturiasko sagardogileek ere parte hartuko dute. Guztira, 4.000 botila eta 3.000 edalontzi eskainiko dizkiete herritarrei.
Tiketak 8 euroan egongo dira salgai. Prezioaren barruan sartzen dira pintxo bat, 10 zurrutaldi, edalontzia eta zapia. Urtero bezala, bildutako dirua Taupadak GKEarentzat izango da, Boliviako Amazonian martxan dituen garapen proiektuetarako.
Jai giroa
Bi urteko etenaldia eta gero, jai giroa bueltatako da alde zaharrera, eta sagardoari musikak lagunduko dio: Irungo Kontserbatorioko trikitixa ikasleen eskutik iritsiko da, eta, horrez gain, Bidasoako Erraldoiak konpartsak parte hartuko du.