"Alardearen gaineko elkarrizketa laguntzen duten agertokiak bultzatzen jarraituko dugu"
Adierazpen bateratua kaleratu dute udala osatzen duten alderdiek eta elkarrizketa kultura sustatu behar dela diote.

Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi guztiek, hau da, EAJ, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEk Jenny Pearce herrian bultzatzen ari den elkarrizketa kulturaren garrantzia defendatzen dutela berretsi dute. “Garrantzitsua da udalerrian elkarbizitza sustatzea eta elkarguneak bultzatzen jarraitzea”.
Udalak baieztatu egin du elkarrizketa sustatzen dabiltzala Alardearen gatazkari buruz hitz egin ahal izateko. “Alardearen gaineko elkarrizketa laguntzen duten agertokiak bultzatzen jarraituko dugu”.
Hori dela eta, eskerrak eman dizkie horretan ere lanean diharduten eragile guztiei egin duten ahaleginagatik. “Udala osatzen dugun alderdiak ziur gaude bide hori dela jarraitu beharrekoa”.
Aurten berriz ere Hondarribiko jaiak egingo direla jakina da, beste herrietan ere hasi direlako, baina inork ez dakiela pandemia aurretik ziren bezalakoak izango ote diren esan dute udal ordezkariek. Dena den, ziur daude erantzukizuna eta herritar guztien aniztasunaren errespetua hartu behar direla oinarritzat. “Horretarako, beharrezkoa da gure hirian benetako elkarrizketa-kultura sustatzeko apustua egiten jarraitzea”.