Kiroldegietako udako ikastaroetan aurrez izena emateko epea zabalik
Aurtengo udararako, Artaleku eta Azken Portu kiroldegiek 163 ikastaro prestatu dituzte eta hilaren 23ra arte zabalduko dute aurrez izena emateko epea.
Artaleku eta Azpen Portu kiroldegiek, urtero bezala, hainbat ikastaro antolatu dituzte, ume zein gazteek, kirola eginez eta lagun artean udaraz gozatu dezaten. Ikastaro hauek UDA programaren barruan antolatu dituzte.
Aurten, guztira, 163 ikastaro eskainiko dituzte: 109 igeriketakoak eta 54 aretoetakoak. 1.792 lagunentzako lekua izango dute ikastaroek: 966 Artalekun eta 826 Azken Portun. Igerilekuetako proba hilaren 28an izango da (bi kiroldegietan) eta bi txandetan egingo dute: 10:00etatik 11etara, eta 16:00etatik 17:00etara.
Hilaren 23ra arte egongo da azken hiruhileko ikastaroetan aurrez izena emateko aukera. Formalizatzeko epea, berriz, hilaren 30ean hasiko da. Izen ematea aurrez aurre edo internet bidez egin ahal izango da. Azken honetarako, beharrezkoa izango da Irun Txartela eguneratuta izatea. Hitzordu bidez izena emateko zozketa, hilaren 24an, 12:00etan izango da.