Itsasoratu itsas aisi eta kirol eskaintzaren azoka egingo dute asteburuan
Hiriko 11 enpresek haien jarduerak zeintzuk diren erakutsiko dituzte kirol kaian, eta horiek probatzeko aukera ere egongo da.
Larunbat honetan, maiatzak 14, Itsasoratu Hondarribiko Aisialdi Nautikoko Jardunaldia egingo dute kirol portuan. Itsas jarduerekin zerikusi zuzena duten 11 enpresek haien jardunaren berri emateko balioko du erakusleiho honek, besteak beste. Udaleko Sustapen Ekonomikoko Sailak eta Bidasoa Bizirikek batera antolatu dute, eta aurkezpenean Maria Serrano Turismo zinegotzia izan da.
Eskaintza zabala eta adin guztietarako pentsatua dagoela adierazi du Serranok. Izan ere, surfa, kayak, bela, arraun surf, ur motorrak edota kirol arrantza enpresek haien jarduerak eta prezioak erakutsiko dituzte, eta horiek probatzeko aukera izango dela ere azaldu dute. “Erakustaldi, tailer, zozketa eta deskontuz beteriko jardunaldia izango da, itsasoarekiko pasioaz eta aisialdi nautikoko hainbat jarduerez gozatzeko”.
Goizean 11:00etatik 14:00etara egongo dira bertan, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00era. Kaiteam elkartea osatzen duten inguruko ostatuak ere batu dira ekimenera eta horiek haien ohiko ordutegiari eutsiko diote.