[Elkarrizketa] "Ohitura falta dago helduen artean animazioa kontsumitzeko"
Animaziokoak, irudi errealekin osatutako lanen "anai txiki" gisatzat jotzen dela oraindik uste du Berasategik. Euskal marrazki bizidunen sasoiaz eta honen kontsumo aldaketaz aritu da pasaitarra.
Sarri entzun izan da euskal zinema gorenean dagoela azken urteetan. Animazioa ere berdin dagoela uste duzu?
Animazioa ari da. Gertatzen dena da beti anai txikiak izan garela zineman. Instituzioek eta telebistek animazioan gehiago sinetsi behar dutela uste dut. Zailagoa da, irudi errealek beste plazaratze bat daukatelako, beste harrera bat ere. Guk publikoa oso mugatuta daukagu, eta irudi errealik ez. Ez hemen bakarrik; irudi errealak beti dauka glamour bat guk ez daukaguna. Zailagoa da animaziozko proiektuak finantzatzea, nahiz eta arrakasta eduki.
Oraindik animazioa haurrentzako denaren ustea dagoela uste duzu, edo edonork kontsumitzen du?
Mugatuta gaude, irudi erreala edonork ikusten du baina guk gehienetan haurrei zuzendutako lana egiten dugu. Egia da animazioa asko aldatzen ari dela eta helduentzako gauzak egiten ari direla, baina horrek ere publiko konkretu bat dauka, ohitura falta dago helduen artean animazioa kontsumitzeko. Gainera, ez nuke esango Orkestra lurtarra haurrei zuzendutako pelikula dela. Adin tarte zabal baterako dago sortua, baina adibidez, uste dut ez dela lau urteko haur batentzat egokia.
Azken urteetan Euskal Herrian egin dira helduentzako animazioak, eta egingo dira. Dagoeneko badakigu aurten beste bat estreinatuko dela eta guk parte hartu dugu proiektu horretan ere. Beste bat ere badut buruan, helduentzako izango dena. Estreinaldiak izango dira aurten, beraz, bai, helduentzako ere egiten ari dira animaziozko lanak.
Zinemaren kontsumoa asko aldatu da azken urteetan, eta egun jendeak etxetik asko kontsumitzen du. Zinema aretoetara joaten dira ikusleak?
Pandemiak kontsumo joerak asko aldatu ditu. Agian aurrerago aldaketa etorriko da, baina uste dut jendeari zinema aretoetara joateak izugarrizko nagikeria ematen diola; lehen ematen zion, eta orain gehiago. Pandemiak bultzatu du etxeko kontsumoa, eta nik uste dut Euskal Herriko familien batez besteko altu batek plataforma bat daukala kontratuan. Izan ere, oso erraza da: etxean zaude eta nahi duzuna nahi duzun momentua ikus dezakezu. Zinemara joate horrek mugimendua ekartzen du, joan egin behar da, leku itxi batean da… Orain beste gauza batzuk nahi ditugu. Pandemia bukatzeko bidean da, kalean egon nahi dugu, eta sozializatzeko gogoa daukagu.
Zinemak behar du bultzada handiago bat. Hor egon da nolabaiteko jauzi bat, eta ea hori efektibo egiten den. Guk ez dugu euskaraz kontsumitzeko ia aukerarik, baten bat badagoen arren.
Ez dago euskarazko plataforma esklusiborik, eta bestalde, hortxe dabiltza dagoeneko existitzen den euskal zinema balioan jartzea eskatzen duen Pantailak Euskaraz, adibidez.
Bai, baina akaso ez dago horren beharrik. Guretzat interesanteagoa da plataforma handi batek euskarazko produktuak erostea. Edozer iniziatiba da ona, baina guri hobeto iruditzen zaigu euskarazko lanak mundu osoan ikusteko aukera izatea.