[Erreportajea] Reggae-a musika baino gehiago dela erakutsiko dute bihar
Reggae Eguna egingo dute egun osoz, Sarjia parkean publiko osoari eskainitako ekitaldiekin. Bassque Reggae Kultur Elkartea dago iniziatibaren atzean, musikaren eta reggaeren balioak sustatzeaz arduratzen dena.
Reggaea plazara eramango dute, bihar, Irunen: Irun Sound Cornerren barruan, Reggae Eguna antolatu du Bassque Reggae Kultur Elkarteak Irungo Udalarekin elkarlanean. Egun osoan zehar genero horri lotutako ekintzak izango dira Sarjia parkean, publiko guztiarentzat: haurrak, gazteak zein helduak.
Aurten bai; aurtengoan, ekitaldia aurrera ateratzea lortu dute. Izan ere, Martxel Labaien Bassque Reggae Kulturreko kideak azaldu duenez, izurritearen aurretik jarri ziren harremanetan Irungo Udalarekin egun hori antolatzeko asmoz: “Ideia garatua genuen arren, pandemia etorri zen, eta bertan behera geratu zen. Orain, gurekin harremanetan jarri da berriro udala, eta nahiz eta hasierako ideia berbera ez izan, ekitaldi polita geratu da”.
Labaienek gaineratu duenez, helburua ez zen festa bat antolatzea, egun osoan zehar reggaearekin lotutako ekitaldiak egitea baizik, hitzaldia, umeentzako gunea eta emanaldiak: «Guk prestatu dugu guztia. Lana izan da, baina egitarau potentea geratu da». Hala, 12:00etan, Josetxo Mintegi idazle eta kazetariak Reggae-a eta Euskal Herria 1970eko hamarkadan hitzaldia eskainiko du. Gaian jantzia dago hizlaria, hala nola, Junto a los ríos de Babilonia Bob Marleyren biografia idatzi baitu. Ordu berean, 16:00ak arte, haur eta gazteentzako gunea irekiko dute. Bertan, grafiti tailerra eta jokoak izango dira. Eta noski, musikarik ez da faltako, 14:00etatik 23:00etara, musika zuzenean jarriko dute, sound systemekin: Bassque Reggae Kultur bera, Blackboard Jungle, Watts Atack Sound System (6 scoop). “Ez da kontzertu bat izango bere horretan, ez baita musikaririk taularatuko. Ekipo autoeraikiak erabiliko ditugu bozgorailuekin, lurrean bertan, jendearen altueran. Ez da taularik egongo, musikari ematen zaiolako garrantzia; ez musika jartzen duenari”, jakinarazi du Bassque Reggae Kulturreko kideak.
Ekitaldi guztiak Sarjia parkean izango dira. Labaienen arabera, reggaea eta bere kultura ezagutzen ez duen jendeari irekia egotea nahi zuten, edonor hurbil dadin. Gainera, Moskuko Urdanibia plaza ondoan dagoenez, giro ona egongo delakoan dira antolatzaileak, eta toki aproposa dela uste dute, irekia dagoelako, parkea duelako bertan, eta askotariko jendea bil daitekeelako.
Baloreen transmisioa
Duela lau urte sortu zuten Bassque Reggae Kultur Elkartea. Gipuzkoarrek osatuta dago, eta, tartean, irundarrak ere badira. Elkartean, reggae musika sustatzeaz gain, kultura horren barruan dauden baloreak transmititzeaz arduratzen dira, errespetua batik bat, bai pertsonekiko baita ingurunearekiko ere. “Gure festak errespetuaren barne izatea nahi dugu, eta inklusiboak izatea”, azaldu du Labaienek. Musikalki, reggae musika underground-a dela esan du, nahiz eta mundu guztian ezaguna izan; “ez da mainstream edo komertziala”.
Euskal Herrian belaunaldi berriak sortu direla jakinarazi du, eta mugitzen ari direla, gainera. Irunen, adibidez, Bad Sound System eta Selektah Stepi aipatu ditu. «Gero eta ekitaldi gehiago egiten ari dira; ea pixkanaka reggae eszena zabaltzea lortzen dugun»