[Erreportajea] Orkestra txiki bezain xelebre bat
‘Orkestra lurtarra’, Lotura Filmsen azken film luzea zinema aretoetan dago jada, eta Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegik batera zuzendu duten bigarren lana izan da.
Istorio “desberdin bat” eta “zoroa” da Orkestra lurtarra, Miren Berasategi Lotura Filmseko ekoizle sanjuandarrarentzat, eta Joseba Ponce pelikularen zuzendarietako bat izan den hondarribiarrarentzat; Imanol Zinkunegi ere aritu da zuzentze lanean. Ekoiztetxeak duela hilabete kaleratu zuen marrazki bizidunezko lan hori Euskal Herrian, eta ezerk lerro zuzen bati jarraitzen ez dion mundu horretan, umoreak eta musikak dute protagonismo nagusia.
Harkaitz Canoren nobelaren izenburuari eutsi, horretan oinarritu, eta egokituta sortu dute animaziozko filma. 2014ko Euskadi Literatura saria irabazi zuen literatur obrak, Berasategik oroitarazi duenez, eta irakurri zutenean gustatu zitzaiela adierazi du. “Ikusi genuen zinemara eramateko aukerak bazituela. Azkenean, 2015an hasi ginen gidoia idazten”. Horren arduraduna izan da Eneko Olasagasti.
Pelikula duela bi urte hasi ziren egiten, eta estetika finkatzen dutenean jakin ohi dutela zeri aurre egin beharko dioten azaldu dute Ponce eta Berasategik, prozesua luzea izan ohi delako. Dena den, konfinamenduari aurre egiteko tresnarik gabe gizarte osoa izan zen bezala, haiei ere hala tokatu zitzaien. Lantaldea sortze prozesu bete-betean zegoela, itxialdia iritsi zen. “Nahiko konplikatu zitzaigun dena”, adierazi du ekoizleak: “Hori bai, ateak ireki zituzten lehen egunean estudioan ginen denak”. Izan ere, momentu hori, denak batera egoteko unea zela dio. Etxetik lan egitera ohitua daudela, baina momentu horretan elkarrekin egotea oso garrantzitsua izan zela zehaztu du Berasategik.
Espresio guztiek lengoai desberdinak behar izaten dituzte, eta kasu honetan, jatorrizko testuaren kontzeptua mantendu dute baina, esate baterako, pertsonai berriak gehitu dizkiote istorioari, “trama aberasteko eta kontakizunari laguntzeko”, azaldu Joseba Ponce zuzendariak. Orkestra batek New Yorkera egiten duen bidaia du ardatz kontakizunak, eta sei musikarik, hainbat arrazoi tarteko egin dute bat: Manu, Krokanti, Osoki, Aldika eta Perfumetti anaiak eta Presidente Ahuntza dira. Protagonisten gaineko moldaketa batzuez aritu da Ponce: “Pertsonaiek perkusioa, haizea eta sokak jotzen zituzten, eta gure tranpa izan da perkusiokoek jo dutela edozein instrumentu. Erratza mantendu egin da, adibidez. Osoki izeneko pertsonaiari biolinaren kordak puskatzen zaizkio eta kontrabaxua jotzen du, pertsonaiak edozer jotzeko gai direlako”. Mundu kaotiko bat estralurtarrena ez dela ziurtatu ahalko du ikusleak.
Umorea da lehengai nagusia, eta aurreneko begiradan “tontokeri” guztiak ez direla ikusten dio zuzendariak. Hitz-joko ugari ditu gidoiak, pertsonaien izenetatik hasi, eta herrien izenetaraino.
Musika, funtsezkoa
Ez da musikal bat, baina musikaren garrantzia oso agerikoa da. Nobelan, orkestrako kideek musika klasikoa jorratzen zutela adierazi du konposizio guztiak sortu dituen Poncek, baina hark argi zuen ez zela genero horretan murgilduko, berera ekarriko zuela musika: “Nire buruak argi zuen klasikoan ez nintzela sartuko. Klasikoa konposatzeko oso mugatua nengoela sentitzen nuen”. Bada, musika “garaikideagoa” egiteko hautua hartu zuen: “Garaikidean, azken finean, azaltzen da barrutik ateratzen dena. Era berean, gidoiak eskatzen zuenaren arabera joaten nintzen musika sortzen ere”.
Musika ez zenez giroa sortzeko edota hondoan jartzeko, pelikulak sortzerakoan mantendu ohi den sortze prozesua pixka bat eraldatu dute. Hau da, lehenik, irudiak, eta ondoren musika izan ohi den hurrenkera hori hautsi dute: animatzaileek beharrezkoa zuten aurretik kantuak nolakoak ziren jakitea, musikaren arabera marrazkiei bizia emateko.
Musika jotzen dabiltzan pertsonaiak sortzea ez dela beste mugimendu batzuk animatzea bezala nabarmendu nahi izan du hondarribiarrak. “Denok dakigu pertsonai batek salto egiten duenean, salto egin behar duela, baina bateria jotzen duenari, adibidez, sinesgarriagoa izan dadin antzeztu egin behar du. Ni bai izan naizela pixka bat astuna esanez ‘goazen markatzera oinarrizkoena, pertsonaiak jotzen ari direnean, jotzen ari diren horren itxura eman dezaten’. Hori animatzeko beste era bat dela dio, normalean akzioak animatzen direla, baina oraingoan akzio bilakatu dutela musika jotzea. Animatzaileek ere ikasi egin behar izan dutela hori egiten gaineratu du Berasategik, “sortu ditugun animazioak bilakatu baititugu musikari”.
Istorioa Euskal Herritik abiatzen da, Paristik pasa, eta New Yorkera iristen da. Ingurua eszenifikatzeko ehunka marrazki egin dituzte. “Ezer ez da zuzena, dena dago oker edota perspektibak ez dira normalak, eraikinak ez dira zuzenak”. Giro zoroa irudikatu nahi zuten.
AEBtako hiria irudikatzeko, esaterako, ez direla ohiko hirien izaeran oinarritu dio Berasategik, “horren kontzeptua bilatu dugu”. Pasaiako portua marraztu dute adibidez, baina pertsonaiak portu batetik irten behar zirelako azaltzen da etxe ondoko kaia “Euskal Herrian irudikatu dugu hasiera, baina abiapuntua beste edozein leku izan zitekeen. Kokalekuak ez du istorioa baldintzatzen”.
Zailtasunez ere mintzatu da Ponce. Makroekoizpen batekin alderatuz, jende gutxi izatea zailtasun horietako bat dela esan du. “Dena egiten dugu, artisau lana da guretzat”. Multinazionalek eskaini dezaketenarekin ez dutela lehiatzen ziur daude biak ala biak: “Ekoiztetxe handi batean 500 pertsona baldin badaude lanean, gurean 50 gaude. Ez gaude liga berdinean, nahiko lan daukagu ahalik eta duinen proiektua aurrera ateratzen”.
Oraindik zinema areto batzuetan ikusgai dago filma, eta hala iraungo duela baieztatu du ekoizleak. Oarsoaldean eta Bidasoan, Hondarribian bihar emango dute, Itsas Etxean (18:00). Ez dute formatu fisikoan aterako lana, beraz, zinema aretoen egitarauari erreparatzea besterik ez da geratzen ikusi ahal izateko, plataformek euskarazko produkzio honen aldeko apustua egin ezean.