Eskualdeko ekoizpena salerosteko erreminta berri bat
Aurreko astean aurkeztu zuen BDS Koopek bertako produktuak Internet bidez erosteko orrialdea. Xedea, erosleengana gehiago gerturatzea izateaz gain, lehen sektoreak faltan dituen politikak ebidentzian jartzea da.
Bidasoko ekoizleen produktuen salerosketan pauso berri bat egin du BDS Koopek, eta www.bidasoakm0.eus orrialdea sortu du. Kontsumitzaileak zuzenean egin ahalko du nahi duen horren eskaera, eta oraingoz, Hondarribiko bost ekoizle topa daitezke bertan. “Bidasoa esaten denean, Malerrekaraino hartzen dugu guk kontuan”, azaldu du Dornaku Lanz Solbesek, BDS Koopeko kideak.
Bidasoa KM0 2017an aurkeztu zuten, jantokiak bertako produktuez horni zitezen zuelarik asmo. Ondoren, ideia edo gaur egun mugimendua ere dei daitekeena garatu zuten. “Horren txapelpean joan dira hainbat proiektu. Nahiko lukeenak ere beregana dezake iniziatiba, Bidasoan bertako kontsumo eta ekoizpenaren alde egiten dugun pertsonak garelako”.
Eskualde osoko ekoizpenaren egoera ez da samurra bere hitzetan. “Hondarribian eta Hendaian dagoen ekoizpena oso txikia da”. Nekazari gehienek beltzean lan egiten dutela adierazi du, eta hortaz bizi diren nekazariak oso gutxi direla deitoratu du. “Irunen ez dago bat ere ez, denek beltzean egiten dute lan. Irungo Udalak daukan jarrera lehenengo sektorearekiko da kasurik ez egitea eta kito”. Ekoizpena badago, baina hori kalera ateratzeko zailtasunak daude, beraz.
Beste tresna bat
Proiektu horrekin ekoizpen hori “zuzenekoa eta arduratsua” izatea nahi dute, eta kontsumo mota hori sustatzea, langileei salerosketa errazte aldera. Era berean, ebidentzian jarri nahi dute produktuen eta politiken falta.” Demagun orain jende askok batera eskaerak egiten dituela: ez dago gaitasunik horri erantzuteko, bolumen zehatz bat dago. Xedeetako bat da agerian uztea politikak behar direla lehen sektorearen alde”. Nekazaritza lanbidea izan dadin urrats asko egin behar direla uste du BDSko kideak. “Ez dadila izan fabrikatik bueltan lau behi zaintzea, ia afizio moduan”.
Orrialdea beste tresna bat da zuzeneko salerosketa errazteko. Ideia Eneko Huarte ekoizleak garatu zuen harentzat propio, horren beharra zeukala ikusi baitzuen. Urtebetez hark bakarrik erabili eta gero, besteengana zabaltzeko hautua egin zuen. “Garrantzitsua izan da ekoizle batek diseinatu izana webgunea bere beharren arabera, eta frogatu izana lana kendu eta lagundu egiten diola”. Izan ere, ekoizleei horren beharraz jabetzea “konplikatua” da, lan asko daukatelako eta horrek egokitzeko zailtasunak jartzen dizkielako.
Zuzeneko salmenta
Sarritan jendeak uste du zuzeneko salmenta sustatzeko erarik eraginkorrena nekazari edo abeltzainarekin zuzeneko harremana izatea dela, baina askotan ezin dute, eta lana bikoiztu egiten zaie hitzorduak adosten. «Hortaz, banatzaileak edo salmenta puntuak eraginkorrak izan daitezke. Gainera, produktu bakoitzak bere lekua daukala uste dut”.
Horrelako dinamikek funtziona dezaten jendearen konpromisoa ezinbestekoa dela nabarmendu du Lanzek. Erosketa egin nahi duenak kontu bat sortu beharko du webgunean, eta erositakoa jasotzeko ordutegi eta lekuak zein diren jakin daiteke bertan.