Alardeari buruz hausnartzeko topaketa egingo dute etzi
Duela hilabete hasi zuen 'Hitz eginez ulertuz' kanpaina Guztion Alardeak, eta bide horretan, etzi Amute Auzo Elkartean batzeko deia egin dute.
Guztion Alardeak iragan hilabetean martxan jarri zuen Hitz eginez ulertuz dinamika, eta oraingoan, hurrengo urratsa emango dute topaketa batekin gatazkari buruzko elkarrizketa sustatzen jarraitze aldera. “Bakoitza bere posizioetan gotortu beharrean, alboan duguna entzuteko unea iritsi dela uste dugu”.
Amute Auzo Elkartean batuko dira 18:15ean etzi (maiatzak 6). “Gure asmoa, iritzi ezberdina duten pertsonen arteko elkarrizketa lasai bat gauzatzea da 20-30 partaide izango dituen topaketa diskretu batean”. Parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da txantiloi hau beteta.
Bertan, sei pertsonako mahaietan batuko dira, eta horietako bakoitzean moderatzaile bat egongo da. Lehenik, Alardearekiko beraien ikuspuntua “era orokor batean” emango dute bertaratutakoek, eta gero, gehienez ordu eta erdi iraungo duen elkarrizketa saioa hasiko da. Parte hartzeko baldintzak argiak direla diote: “Elkarrizketan zehar, edozein iritzi, errespetu osoz entzungo da eta moderatzaileak ezingo du bere iritzia eman”.
Azkenik, hausnarketak post-it batean bilduko dituzte, arbelean idatzi, eta mahai guztiei helaraziko dizkiete. Konfidentzialtasunari arreta eskaini diote, eta saioan gertatu eta esaten den guztia “isilpekoa” izango dela irmo dio taldeak.