Liga laugarren postuan hasi dute BATeko neskek eta mutilek
Neskak Ohorezko Mailan lehiatuko dira, kategoria gorenean, eta mutilak, berriz, Lehen Mailan. Bi taldeek baja garrantzitsuak izan dituzte.

Denboraldiko lehen lehia laugarren tokian bukatu dute BAT Bidasoa Atletiko Taldeko nesken nahiz mutilen taldeek. Nesken taldea Ohorezko Mailan dago, kategoria gorenean, eta mutilena, berriz, Lehenengo Mailan, maila bat beherago.
Nesken taldeak Donostian izan zuen lehen lehia, eta baja garrantzitsuak zituzten, Teresa Errandonea hesietan, Maria del Mar Jover luzera jauzian eta Irune Muguruza 400 metro hesietan. Edozein kasutan, lan txukuna egin zuten atletek, eta hirugarren bukatzear egon ziren. Azken unean, ordea, Laura Martinezen xabalina jaurtiketa baliogabetzat jo zuten epaileek, eta postu bat behera egin zuten sailkapenean. Edozein kasutan, BATek erabakia “gaizki emana” dagoela salatu du, “kiroltasunez onartzen dugu, baina ezin dugu ezkutatu atsekabea eta desadostasuna”.
Edonola ere, pistan eginako lana bikaina izan dela adierazi du BATek, eta sentsazio ona utzi zutela neskek. Naroa Furundarenak, puntuazio gorena eskuratu zuen salto hirukoitzean (12,13m). Iciar Rubio (40,25m), Belen Bermojok (52,48m) eta Blanca Garciak (40,12m), bigarren egin zuten, disko, mailu eta xabalina jaurtiketan, hurrenez hurren. Hirugarren egin zuten, berriz, Sara Villasante (1500m, 4:38,82), Ane Loyo (luzera jauzia, 5,59m) eta Eva Queimañok (xabalina 35,45m). 4x100m eta 4x400m erreleboetan ere hirugarren egin zuten.
Bajak ere mutiletan
Mutilak, berriz, Lleidan lehiatu ziren, eta eurek ere baja garrantzitsuak zituzten: Beñat Mikelarena (200m), Ivan Redondo (xabalina) eta Jose Gomez (iraupen). Helburua hirugarren postuarengatik borrokatzea izan zen. Lehiaketa, ordea, gogorra izan zen, eta aurrera egiten zuten neurrian, geroz eta urrunago zuten hirugarren tokia.
Nabarmentzekoak izan ziren Juan Errandonea (salto hirukoitza, 15,12m) eta Asier Zarandonaren (disko jaurtiketa, 44,27) lehen postuak. Bigarren egin zuten Gonzalo Tamayo (pisua, 13,67m), Unai Gonzalez (pertika, 4,60m), Gonzalo Sabin (110m hesiak, 14,71) eta Iker Arozena (luzera, 7,67 m.). Errelebo motzean ere hirugarren egin zuten, (42,55).
Azkenik, hirugarren egin zuten, Ander Anglada (800m, 1:57,55), Sergi Teixeira (400m hesiak 56,13), Mikel Arburua (altuera, 1,90m) eta Leo Romerok (martxa 23:26,15), baita 4x400m erreleboetan ere, 3:23,75.