Birzentralizazioa salatu eta auzoen aldeko apustua berretsi du EH Bilduk
Udalekoak diren hainbat zerbitzu auzoetara hurbildu, kultur ekimenak eraman eta auzoen arteko konexioa hobetzearen alde egin du koalizioak.
“Auzoek egiten dute Irun”, adierazi du EH Bilduk. Koalizioak birzentralizazioaren kontra eta auzoen aldeko jarrera berretsi du, eta azken hilabeteetan, norabide horretan martxan jarri dituen iniziatiben berri eman du.
Hasteko, lurralde mailako birzentralizazioaz hitz egin du, Gipuzkoa barrualdeko eskualdeetako biztanleria gutxituz ari baita, eta kostakoa haziz. Irunen, ordea, biztanleriak igotzen jarraitzen duela azaldu du, baina, haatik, “gero eta zerbitzu gutxiago eta zentralizatuagoak” dituela. Adibide gisa jarri du Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoarekin gertatzear egon dena, baita banketxeak auzoetatik irteteko joera ere.
Zentzu horretan, koalizioak hainbat proposamen egin dituela aipatu du, esaterako, udalekoak diren hainbat zerbitzu auzoetara hurbiltzea, HAZ unitatea eta CBArekin sarean funtzionatuko lukeen kultur gune-liburutegia, besteak beste. Dagoeneko lehen urratsa eman dutela gogorarazi du, aurrekontuetan partida bat onartu baita.
Bestetik, auzoetan kultur ekimenak sustatzearen alde egin du, hala nola, Kultura KM0 bezalako iniziatiben bidez. Horrez gain, “auzo biziak” izatekotan, hausnarketa bat egitea beharrezkotzat jo du, auzoetan zein kultura eta kirol-guneak behar diren, zein komertzio mota sustatu behar den…
Azkenik, auzoen arteko konexioa hobetu behar dela adierazi du, baita gauean ere: “Gaur egungo
Gautxoriaren zerbitzua ez da nahikoa konektibitate hau bermatzeko”. Hala, maiztasuna handitzeko eskatzen jarraituko duela berretsi du koalizioak.