Hirian zehar hobekuntza lanak burutuko dituzte
Irungo Udalak 648.827,39 euroko aurrekontu du irisgarritasun eta mugikortasun hobekuntza lanetarako.
Obra arloak hirian zehar zenbait lan egingo dituela ezagutarazi du. Hobekuntza lanak izango dira, eta irisgarritasuna hobetzeko eta oinezko edo txirrindularien mugikortasuna hobetzeko helburua izango dute. Cristina Laborda ordezkariaren hitzetan, egunerokotasunean “oso mesedegarriak” izan daitezke esku hartze hauek.
Hiriko sei puntutan zoladuren egoera txarra, argiztapen eskasa, espaloi estuegiak edo zebrabide faltak identifikatu dituzte. Horrenbestez, Berrueta margolaria kalearen eta Artiga ibilbidearen arteko bidegurutzean, Teodoro Murua kalean, Juan de Albisu kalean, Altzukaitz kalean, Uranzu kalean eta Ibis hotelaren parean hobekuntza lanak egingo dituzte. Lan hauek, 434.470,34euroko aurrekontua izango dute eta Europako funtsetatik 308.677,96 euroko diru laguntza jasoko du.
Bestalde, Txingudi ikastolaren eta Jaizubia hiribidearen artean oinekoentzako ibilbide jarraitu eta seguru bat sortzeko asmoz, duela gutxi egindako lanei jarraipena emango diete. Zoladura eta seinaleak hobetuko dituzte, bai eta argi berriak ezarriko dituzte ibilbide guztian.
Bidegorriei dagokienez, 2022ko partaidetza prozesuan hiriko bidegorri sarea osatzeko proposamena nabarmendu zen. Ondorioz, bide-zatiak osatzeko bi puntu aurkitu dituzte: Antonio Valverde eta Juan Thalamas Labandibar arteko lotura eta Alai Txoko eta Olaketa Alarde arteko lotura. Bi proiektu hauek Otegi Gaztañaga enpresari esleitu zaizkio 126.250,94 euroko aurrekontuarekin. Lanak aurrera eramateko epea hiru hilabete eta erdikoa izango da.