Garbitzaileak grebara, lan baldintzak hobetu nahi dituztelako
Negoziazio mahaiko kideek jarrera «immobilista» dutela salatu dute langileek, eta ondorioz, hiru egunez greba egiteko erabakia hartu dute. Hamaika dira hobetzeko dauden lan baldintzak.
Udalarentzat lan egiten duten garbitzaileak lehen greba eguna egiten ari dira gaur, eta datorren maiatzaren 4 eta 5ean ere greba egingo dute ELA sindikatuaren babesarekin. Talaia ikastetxeko eraikin guztietan, BAZ bulegoan eta udaletxearen departamenturen batean lan egiten duten 14 emakume batu dira deialdira, hau da, plantillaren hiru laurdenak.
ISS enpresa multinazionalak kudeatzen ditu langileen lan baldintzak, eta haiekin eta udalarekin biltzea lortu duten arren, negoziazio mahaiak otsailetik blokeatuta jarraitzen duela —lehen elkarretaratzeak egiten hasi zirenetik— salatu du Arantxa Amunarriz ELA sindikatuko ordezkariak.
Azken berriak martxoaren 30ean ISS enpresarekin egindako bilera batean jaso zituztela dio sindikatuak, eta enpresak arduraduna aldatu zuela argudiatu zuen negoziaketak gelditze aldera. «Ez ditugu ontzat emango jarrera immobilistak ezta negazionistak ere ez. Gu udaletxeko langile gara, hori ukatzen duenik badago ere. Udaletxeak azpikontratatu gaitu gure baldintzak prekarizatzeko», azaldu dute langileek.
ISS enpresaren jarreran sakonduz, Amunarrizek aipatu du orain arte ez dutela ikusi ISSk aplikatzen dituen bezalako baldintzak ikusi. «Lau enpresa ikusi ditut pasatzen udaletik, eta ez dugu horrelako arazorik inoiz izan. Badituzte langile finkoak astean oso ordu gutxi sartzen dituztenak, eta pertsona horiekin jolasten ari dira ordezkapenak egiteko. Inoiz ez dugu horrelakorik ikusi».
Blokeatuta dauden baldintzak
Langileen eskakizunak hainbat dira. Lehena, hitzarmenarekin lotutakoa da, izan ere, 2011etik ez da berrikusi eta ordutik baldintza eta sinatu daitezkeen kontratu guztiek bere horretan jarraitu dute. Ildo horretan, kontratu partzialak alde batera utzi eta osotasunerako urratsa eman dezaten nahi dute, eta hori gauzatzea posible dela jakin du ELAk: udalak Loraitz haur eskolan 47 ordu ordaintzen dituela jakin dutela azaldu dute, eskola horretako enpresak 44 orduko zerbitzua eskaintzen duela kontuan izanda. «Hori mahai gainean jarri genien partzialtasunetik osotasunerako urratsa eman dezaten, eta horrek antolakuntza arazoak sortzen zituela argudiatu ziguten». Udaletxeko langileak direnez, lizentziak eta baimenak beste udal langileekiko berdintzea nahi dute aldi berean. Beraz, udalak eskakizunei erreparatzea eta haien edukiak lantzea eskatu dute.
Bestetik, soldata arrakala deuseztu nahi dute. Kale garbitzaileekin alderatuz, urtean %12 gutxiago irabazten dute udal eraikinetako garbitzaileek –guztiak emakumeak dira–, ia 2.800 euro gutxiago. Kontaketa horretan ez dute aintzat hartzen kalean lan egiteagatik dituzten gehigarriak, oinarrizko soldata bakarrik baizik.
Gaur goizean udaletxe parean lehen elkarretaratzea egingo dute, eta 17:00etan San Pedro kalean elkartuko dira berriro. Maiatzaren 4an Gipuzkoako garbikuntzako ordezkariak bertaratuko dira eta manifestazioa egingo dute 12:00etatik aurrera. Azken horren ibilbidea nahiz maiatzaren 5eko mobilizazioaren nondik norakoak aurki jakinaraziko dituzte.