[Erreportajea] Hileko azken ostiraletan hitzordua dute Irungo emakumeek
Pandemiak egiten utzi ez diena berreskuratu nahi du Su Txikian talde feministak, eta hilabetean behin, Hazian elkartuko dira, gaur, kasu: bertso saioa izango da, 19:00etatik aurrera.
Pandemiak eragindako isolamendua atzean utzi, eta lanean hasi da Su Txikian talde feminista. Proposamen berri batekin dator: Ostiral Feministak. Hileko azken ostiraletan, Hazian elkartuko dira, ekitaldi baten bueltan. Hain zuzen, gaur bertan izango hurrengoa, 19:00etan: Irati Alcantarilla eta Haizea Aranarekin bertso saioa.
“Elkar ezagutzeko, gustura egoteko, elkar zaintzak egiteko eta goxo egoteko espazio bat behar genuen”, adierazi du Maite Irastorza Su Txikianeko kideak. Ondo pasatzean jarri dute fokua, “feminismoa ez dugu ulertzen ez bada plazeretik”.
Bide batez, topagune hori Irungo genealogia feminista lantzeko baliatu nahi izan dute. “Urtez urte emakume asko pasatu da Irungo feminismotik, baina gure artean ez daukagu harreman esturik. Garrantzitsutzat jotzen dugu esperientziak partekatzea eta genealogiak ezagutzea erreferente batzuk izateko”, gaineratu du Su Txikianeko kideak. Iniziatibaren beste ildo bat auzoa eta Hazia piztea izan da, “guretzat garrantzitsua zen berriro Hazia bizirik ikustea, eta feminismotik baldin bada askoz hobe”.
Hurrengo saioak
Martxoaren 25ean egin zuten lehen saioa: Parean elkarteak Irungo emakumeak plazara dokumentala aurkeztu zuen. Hurrengo saioak maiatzaren 27an eta ekainaren 18an izango dira, baina egitaraua oraindik ez dute lotuta.
Pandemiako isolamendu eta apatia garaien ondoren, Su Txikian pizten ari da, “antolatzen errazak diren ekitaldiekin hasi gara, baina gure gozamenerako izatea nahi dugu”.