Komunitate energetikoak hizpide, aldundiaren asteazkeneko tailerrean
Energiaren gastua kontrolatzeko dagoeneko martxan dauden tresnen berri emango dute. Asteartea baino lehen eman behar da izena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, komunitate energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailerra antolatu du maiatzaren 4an, 18:30ean, udaletxeko Areto Nagusian. Hala eman du gaur aditzera Juan Luis Silanesek, Ingurumen zinegotziak.
Tailer honen xedea “energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko” jada aldundiak martxan dituen tresnak eskura jartzea da. Sektore desberdinei bideratutako erremintak dira, hala nola, etxebizitzak, merkataritza eta enpresa txikiak.
“Prestakuntza eta sentsibilizazio ekintza” gisa lantzen dituzte tailer horiek, eta programaren orrialdean kontsulta daitezke guztiak. Bost tailer izango dira asteazkenean jorratuko dituztenak:
- Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
- Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
- Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
- Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak
- Energia Argitu Kit kanpaina
Aipaturiko azken kanpainaren asmoa, “herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere”.
Komunitate Energetikoak sortzearen alde egin behar dela dio Silanesek, eta bide horretan, garrantzitsutzat jo du herritarrek komunitate horiei buruzko informazio osatu eta zehatza izatea, “herritarrek sistema energetikoan izan dezaketen eragin zuzena ulertu dezaten”.
Maiatzaren 3a baino lehen izena eman behar da, saioak aurrera egiteko beharrezkoa baitute parte hartuko duen ikasle kopurua jakitea. Horretarako, bi bide daude: mezu bat bidaliz helbide elektroniko honetara edota 605 757 687 telefonora deituz, astelehenetik ostiralera 09:00 eta 18:00 artean.