[Erreportajea] Aldaketaren unea
Emakumeen arrauna indartzearen alde pausoak ematen ari dira. Datorren urtean zortzi traineru arituko dira Euskotren Ligan. Baina ETE Ligaren etorkizunak kezkak sortu ditu arraunlarien artean.
Gero eta gertuago dago 2022ko denboraldia. Neguko test estropadak San Pedroko jaitsierarekin batera bukatu ziren, eta dagoeneko, entrenatzaile gehienek ekainean, denboraldiaren aurreko azken estropadetan, jarri dute fokua. Aurtengo denboraldia berezia izango da. Izan ere, hurrengo urtean aspaldidanik eskatzen zen aldaketa emango da: Euskotren Ligak zortzi traineru izango ditu 2023an. Hala iragarri zuen TKEk joan den urteko abenduaren 11n egin zuen asanbladaren ostean. Beraz, erabaki horrek ETE Ligan eragin zuzena izango du, Euskotren Ligara igotzeko txartelak eskuratzeko lehian.
Aurten, ETE Ligan —emakumeen arraunaren bigarren mailan—, lehenengo eta bigarren postuek berebiziko garrantzia izango dute. Horiek zuzenean igoko baitira Euskotrenera. Beste bi postuak Galiziako LGT Ligako lehen eta bigarren traineruekin osatuko dituzte. Eta azkenik, Euskotren Ligako laugarren sailkatuak play-offa jokatuko du ETE eta LGT ligetako hirugarren sailkatuekin.
Erabaki hori «ilusioz» jaso zuen Irati Kamarerok (Hondarribia, 2002) Hondarribia Arraun Taldeko arraunlariak. Zortzi traineruko Euskotren izateak «puntuen gorabehera» ekarriko duelakoan da. Baina «ezjakintasuna» ere sortu zaio, «ez baitakigu ETE ligan zer gertatuko den». Zuriñe Alberdik (Pasaia, 1993) Hibaika Arraun Elkarteko patroiak ere kezka berbera du: «Iruditzen zait Euskotren Ligara begira aurrerapausoa beharrezkoa dela, baina era berean, ETE Liga nahiko eskas geratuko dela».
2009tik, Euskotrenen lehen ediziotik —orduan Kantauriko Arraun Liga izena zuen–, aurtengo denboraldira arte lau traineru aritu dira emakumeen arraunaren goi mailan. Hasiera hartatik asko aldatu dira gauzak. Alberdik 16 urte inguru daramatza arraunean eta emakumezkoen arraunaren egoera aldatzen ikusi du. Partaide kopuruari erreparatuz «bakarrik» aldaketa asko izan direla adierazi du. «Lehenengo estropadak infantil-kadete bezala egin nituen. Bi kategoriak elkartu egin behar izan zituzten, bestela ez genuen liga aurrera ateratzen. Orain, ontzi pila daude. Hori bateletan. Traineruan, aldiz, aldaketa handiagoa izan da. Arraunean hasi nintzenean emakumeen traineruak ez ziren existitzen!».
Beraz, emakumezkoen traineruen munduak gutxinaka indartzen dihardu. Urtero traineru berriak ikus daitezke uretan. Lehengo urtean, adibidez, Castro eta Zarautz gehitu ziren ETE ligara. Aurten txanponaren beste aldea: San Juan-Koxtapek ez du trainerurik aterako, harrobiko arraunlarien kopuru eskasagatik.
Halaber, entrenamenduak emakumeei egokitzeko ahalegina emaitzak ematen ari da. Urtetik urtera maila eta lehia handiagoa dago.
Iazko Euskotren Liga inoizko berdintsuenetarikoa izan zen, eta 2021eko Kontxako estropada, aldiz, inoizko azkarrena. Lehendabizi, Oriok (10:36.24) eta ondoren, Arraun Lagunak-ek (10:33.56) eremuko errekorra hautsi baitzuten.
Datuak datu, emakumeen arraunaren munduan aldaketa baten beharra sumatzen zen. Honakoa ez da kontu berria. Miren Idarretak, (Oiartzun, 1994) Hondarribiko Arraun Elkarteko arraunlari zenak eta egun Arraun Lagunak taldeko arraunlaria denak, Euskotren Ligan traineru kopurua «handitzeko garaia» zela aldarrikatu zuen 2019an ETBri eskainitako elkarrizketa batean. Une hartan Hondarribiarekin play-offa irabazi berri zuen. Adierazpen horiei esker, aurrerapausoa emateko bidean hondar ale bat ipini zuela sentitzen du oiartzuarrak, esandakoek nolabaiteko oihartzuna izan baitzuten. «Zortzi traineruko liga ezarriko zutela jakin nuenean elkarrizketaz gogoratu nintzen eta ilusioa egin zidan. Berdintasunaren alde oso pausu garrantzitsua dela uste dut» aitortu du. «Iaz izan ezik, aurreko urteetan bi lehia egoten ziren: alde batetik, bandera lortzeko bi traineruren artekoa, eta bestetik, beste bien artekoa azken postua ekiditeko».
ETE Ligaren etorkizuna
Zortzi traineruko liga ezartzearen ondorioz, 2023an, ETEk bi traineru gutxiago izango ditu. Aldaketa horri askotan kontuan hartzen ez den beste faktore bat gehitu behar zaio: emakumezkoen ligaren aldakortasuna. Iazko urtetik hona, hainbat traineruk uretaratzeari utzi diote: San Juan, Lapurdi, Isuntza eta Lutxana, esaterako. Baina aldi berean, bi traineru gehituko dira aurtengo denboraldian: Hernani eta Portugalete. «Emakumeen arrauna ezegonkorragoa da. Ez dakizu zer gertatuko den urte batetik bestera» dio hondarribiarrak. Egoera horrek zer pentsatua
eman die erreportaje honetako elkarrizketatuei. Idarretaren iritziz arazoetako bat arraunlarien kopuruan datza, «elkarte asko emakumeen trainerua atera nahian dabiltza, eta arraunlariak ez gara hainbeste».
Bestalde, traineru xumeenetako kirolari asko goi mailan aritu nahian taldez aldatzen dira. Efektu hori ez da emakumezkoen ligetara soilik mugatzen, baina kirolari eskasia dagoenez, aldaketa horiek nabariagoak dira arraunean. Datorren urteari begira, ordea, iritziak askotarikoak dira. «Jendeak goi mailako traineru horietara joaten jarraituko duela iruditzen zait. Beti gertatu da hori, eta horrela jarraituko du izaten. Hurrengo urtean elkarte aukera handiagoa izango dute, gainera: lau ordez, zortzi» ondorioztatu du sanpedrotarrak. Kamarerok, aldiz, kontrakoa iragarri du: «Lau traineruko ligan fitxaketa asko izaten dira, taldeek goi mailan mantendu nahi dutelako. Baina aurtendik hasita Euskotren Ligara igotzeko aukera gehiago izango denez, arraunlariek beren etxeko traineruetan geratzea erabakiko dutela uste dut, era horretara mailaz igotzen saiatzeko».
Edonola ere, zer gertatuko den ikusteko datorren urtera arte arte itxaron beharko da.
Maika Tameron
ETE-ren lehendakaria: «2008an, hasi ginenean lau traineru ginen, eta begira non gauden orain»
Hibaika Arraun Elkarteko zuzendaritzako kide, ETEren sortzaileetakoa eta bertako lehendakaria da. Aurtendik, KAE ligako lehendakaria ere bada oreretarra. 2023tik Euskotren Ligak zortzi traineru izatea gustuko du.
2018an ETE Liga eratu eta Euskotren Ligaren parte hartzaileen kopurua handitu nahi izan zenuten. Zergatik behar izan dira lau urte aldaketa hori gauzatzeko?
Uste dut konturatu zirela aldaketa baten beharra zegoela. Lau trainerurekin ez zegoen lehiakortasun nahikorik. Traineru bakoitzaren postua oso markatua zegoen, nahiz eta azken urtean aldaketa izan den, ez oso handia. Iazko ETE Liga kristorena izan zela ikusi zen. Izugarrizko borroka egon zen. Eta niretzat, azken bi edo hiru urteetan ikuskizun gehiago egon da ETEn, Euskotrenen baino.
Azken urteetan egindako presioek eragina izan dutela uste duzu?
Ez. Guk [ETE sortu zuen taldeak] urteak daramatzagu presioa egiten. Gure inguruko arraunlariak, klubak eta guk geuk aldaketa bat beharrezkoa zela ikusten genuen, 2008ko Kontxako estropadan bezalaxe [emakumeek lehenengoz parte hartu zuten]. Askotan esan didate aldaketa hori gehiegi fortzatu zela. Eta orain begiratuta, bada agian bai, baina azkenean noizbait izan behar zen lehenengo aldia. Eta niretzako horrek orain gauden tokian egoteko balio izan zuen. 2008an ez zegoen emakumeen trainerurik. Uda horretan traineru batzuk sortu eta eboluzionatzen joan da kirola.
Zer onura ekarriko ditu aldaketa honek emakumezkoen arraun mundura?
Onurak bi ikuspuntutik ikusten ditut nik: emakumeen arraunaren ikuspuntutik eta kluben ikuspuntutik. Urte hauetan guztietan potentzial handia zuten arraunlariak Euskotreneko traineruetara aldatzen joan dira. Lekualdaketa asko egon da ETE ligako klubetatik goi mailako klubetara. ETEn formatzen dira eta gero Euskotrenera pausua egiten dute. Normala da. Baina niretzat, zortzi trainerurekin ez da hainbesteko lekualdaketarik egongo eta beren klubetan geratuko dira. Bestalde, ikuskizun gehiago egongo dela uste dut. Eta hori emakumeen arraunarentzako onuragarria dela uste dut.
ETE Liga eskas geratuko dela uste duzu?
Arrisku hori badago. Baina, hala ere, aldaketa bultzatu behar genuela uste dut, 2008an Kontxarekin egin genuen bezala. Agian, ETE orekatuagoa geratuko da eta orain arte bezala, 10 edo 12 traineru izan beharrean zortzi geratzen badira, ez dago gaizki. Aldaketa onuragarria izango dela uste dut. Gainera, klub gehiago emakumezkoen trainerua ateratzen saiatuko direla uste dut. Bestalde, pandemiak min asko egin du. Ez arraunean bakarrik, beste kiroletan ere bai. Baina poliki-poliki aurrera joango gara. 2008an, hasi ginenean, lau traineru ginen eta begira non gauden orain.
Emakumeen arrauna oso aldakorra dela nabaria da. Nola sendotu daiteke?
Neskak unibertsitatera doazenean, edo lanean hasten direnean arrauna utz ez dezaten lortuz. Eta haurrak izan ondoren arraunera buelta daitezen animatuz. Hiru gauza horiek.
Eta klubetatik?
Klubetatik emakumeen traineruak bultzatu ahal izateko beharrezkoa da zuzendaritzan emakumeak egotea. Emakumeak gehiago inplikatu behar gara kirol honetan.