Arkollak elkarlanerako mahaia izango du, konponbideak bilatzeko
Atzo bi mozio aurkeztu zituen bertako bizilagun elkarteak, eta saneamendu arazoei berehala erantzutea EAJ-k atzera bota bazuen ere, aho batez onartu zuten lantalde bat eratzea.
Arkolla bizilagun elkarteko kideek mozio bi aurkeztu zituzten atzoko Osoko Bilkuran, Abotsanitz, EH BIldu eta PSE-EE-ren babesarekin. Aitor Etxaide Arkolla auzo elkarteko presidentea eta Juan Mari Arrozpide elkarteko kideek egin zuten agerraldia. Osoko Bilkura hasi aurretik auzotarrek elkarretaratzea egin zuten ere udaletxe parean.
Lehen puntuan berehala saneamendu arazoak konpontzen hastea eskatu zuten. 1996.urtean auzoarentzako soluzioak idatzi zirela oroitu du Arrozpidek, baina ez direla inoiz martxan jarri, “beharrezkoak direla uste dugu, eta ezin direla atzeratu gehiago. Gainera, ez zaigu iruditzen hurrengo plan orokor baten baitan kokatu behar denik auzoak ja behar dituen konponbideak”.
Auzoaren zati bat urbanizatua dagoela adierazi du elkarteko kideak, eta ondoan dagoen Zimizarga auzoaren partea, nekazarien lurrekin batera bizi direla. “Arazo eta gabezi berberak ditugu”. Uraren saneamendua jarri du eredu moduan, Txiplau errekaren ondoan isurtzen baitira haien ur zikinak. “Ustez urbanizatutako eremuan sortutako ur fekalak, nekazarien lurretatik pasa eta herriko erreka batean isurtzen da”. Ur hori, ondoren, Alameda erreka zeharkatu eta gero, Bidasoa ibaian amaitzen dutela salatu dute.
Saneamendu arazoak lehenbailehen erantzutearen mozioari kontrako bozka eman zion EAJ-k, oposizioak, aldiz, aldekoa. Beraz, ez zen onartu. Maria Serrano udal gobernuko kideak azaldu zuen ezin direla berehala hasi lanekin, “uste dugulako zerrenda bat egin behar dugula jakiteko zeintzuk diren auzoaren arazoak, zeintzuk konpon daitezkeen epe motzean, eta zeintzuk nahi eta nahiez plan orokorrei edo beste urbanismo tresnei lotuta joan behar diren”. Ez dela borondate falta, gaiak zailtasun asko dituela baizik erantsi du.
Bigarren puntuarekin auzotarren eta udalaren artean konponbideak bilatu eta ikertzeko lan talde bat sortzea eskatu zuten. Proposamen horrekin udalbatza osoak bat egin zuen eta aldeko botoa eman zioten aho batez.