Aitor Gorrotxategi eta Nerea Garcia, Europako txapelketara
Laugarren tokian bukatu dute Espainiako 1. Sprint Kopa Santiagotarrak-eko bi piraguistek, Europako txartela lortuz.

Santiagotarrak-eko Aitor Gorrotxategi eta Nerea Garciak Europako K-1 Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu dute asteburu honetan Galizian, Espainiako 1. Sprint Kopan. Biek laugarren bukatu dute.
Gorrotxategi K-1eko 1.000 metroetan aritu da, eta laugarren amaitu izanak, K-4ko 1.000 metrotan aritzeko aukera eman dio, abuztua erdialdean Alemanian jokatuko den Europako txapelketa absolutorako.
Garcia, berriz, K-1eko 200 metroetan aritu da. Finala oso estu joan zen, baina azkenean, ekaina bukaeran Serbian jokatuko den 23 urtez azpiko Europako txapelketan aritzeko txartela poltsikoratu zuen. Bere kategorian bigarren izan zen.
10 egun barru, bi piraguistek hautapen probak izango dituzte, baina orduan, munduko txapelketarako.
Bigarren tokia, eskolartekoetan
Ur bizietako eskolarteko bosgarren proban bigarren bukatu du Santiagotarrak-ek. Etxean jokatu zuten, Dunboako kanalean. Talde irundarrak 18 parte hartzaile aurkeztu zituen eta 14 domina lortu zituzten, urrezko 8, zilarrezko 4 eta brontzezko 2.