Mutxiko Eguna igande honetan itzuliko da herriko kaleetara
'Ilusio handiarekin' daude antolatzaileak, ia bi urtez ezin izan baitute festa egun hau ospatu. Euskalherritar asko elkartzea espero dute.
III. Mutxiko eguna egingo dute Hondarribian maiatzaren lehenean, hau da, igande honetan. Bi urteko geldialdia eta gero “ilusio handiarekin eta lagunak ikusteko gogoarekin” daudela adierazi du antolatzaileetako bat den Izaskun Muñoa Garmendiak. Era berean, bertako udalak babestu egin du ekimena hirugarren urtez; Zumardiak ere lagundu du.
500 bat pertsona gerturatuko direla aurreikusi dute, eta haiek guztiak, Alamedatik abiatuko dira 11:30ean, hiru suziri eta lau trikitilari taldeekin, hala nola, Auntxa trikitixa eskolakoak eta Maltzeta taldea. Beraiekin batera ibilbidea egingo dute Hondarribiko trikitilari zein erraldoiek ere.
Kale Nagusia igoko dute eta udaletxearen parean txalapartariak egongo dira, baita Arma plazan ere. Bertan, Jeiki Hadi taldeak mutxikoak joko ditu, beste dantza batzuekin batera. Ondoren, erraldoiek ikuskizuna eskainiko dute, eta ibilbidea San Pedro karrikan segituko du.
Portua auzoan, dantzatzeko eta tragotxo bat hartzeko tartea egongo da. Behin hori amaituta, Ardora jatetxera joango dira 14:00 aldera, eta berriz ere Jeiki Hadik joko du bazkaria izan bitarte. Arratsaldean berriro joko dute kiroldegiko pistan, 20:00ak arte. Ohartarazi dute bazkaria norberak ordaindu beharko duela.
Aipatu bezala Euskal Herri osoko muxikozaleak gonbidatu dituzte, esate baterako, iruindarrak, lesakarrak, tafallarrak, miarriztarrak, urruñarrak, bilbotar zein sopelarrak, aguraindarrak, arrasatearrak, eta Oarsoaldeko Errenteria-Oreretar, oiartzuar, lezoar eta pasaitarrak.