L-2 linearako lau autobus elektriko berri erosteko kontratua esleitu du udalak
Erosketa hori dela eta, hiri barruko garraio publikoaren %90 elektrikoa izango da, Irungo Udalaren arabera.
Tokiko Gobernu Batzarrak L-2 linearako lau autobus elektriko berri erosteko kontratua esleitu du. Modu horretara, Irungo garraio publikoaren %90 elektrikoa izango dela jakinarazi du udalak.
Kontratu horren barruan sartzen da 12 metroko lau autobus elektriko ekoitzi eta hornitzea, baita L-2aren buruan (suhiltzaileen geralekuan) karga azkarreko sistema bat eta kotxetegian karga mantsoko sistema bat jartzea ere. Halaber, Irunbusen zerbitzu osorako karga azkarreko sistema guztien mantentze lanetarako kontratua ere horren barruan dago. 3.176.129 eurokoa aurrekontua izango du.
Udalaren arabera, L-2 linea (erdialdea-Katea) %100 elektriko bihurtzeko pausoa da. Gainera, Europako funtsen bidez finantzatuko dute aurrekontuaren zati bat: 1.250.000 euro. Horietatik, 800.000 euro autobusak erosteko eta 450.000 euro karga sistemarako. Horrez gain, udalak gogorarazi du 342.000 euro izango dituztela Europako laguntzetatik autobus barruko ekipamendua digitalizatu eta modernizatzeko.
Dagoeneko L-1 linea %100 elektrikoa da, 2019tik, eta bera da bidaiari gehien dituena ere, milioi bat, hain zuzen. L-2 linea da bigarren erabiliena, 400.000 bidaiarirekin, eta, beraz, bidaiarien %90 bi linea hauetan mugitzen da.
Modu horretara, “epe laburrean” Irungo garraio publikoaren joan etorrien %90 elektrikoa izango dela jakinarazi du Jose Antonio Santano alkateak Ficoban egiten ari diren Go Mobility azokan. Horrekin batera, udalak mugikortasun jasangarriaren alde hartu dituen beste neurri batzuk gogorarazi ditu, hala nola, hiri erdigunea emisio gutxiko gune bihurtzea edo Irun 30: “Irun ongi prestatua dago klima aldaketaren ondorioengatik etorkizunak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko”.