EH Bilduk lan mahaia osatzeko eskatu dio Osasun Sailari
Proiektua egin aurretik eskualdeak behar dituen osasun zerbitzuak zehaztu eta adosteko galdegin dio Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailari.
EH Bildu “pozik” agertu da Osasun Sailak bertan behera utzi duelako Bidasoa ospitaleko bloke
kirurgikoa eraberritzeko aurreikusia zuen proiektua, baita proiektu berrian kirofanorik ez ixteko hartutako konpromisoarekin ere.
Hori guztia plataformak eta ospitaleko langileek bultzatu nahiz instituzioetan egindako lanaren emaitza dela iritzi dio: “Guztion artean eta bakoitzak bere eremuan, Osasun Sailaren posizioa bideratzea lortu dugu.
EH Bilduk gogorarazi du bloke kirurgikoa eraberritzearen alde dagoela, baina Osasun Sailak eraberritze proiektua langileekin adostu ez izanarekin ez zetorrela bat.
Proiektu berria idatzi aurretik, ordea, Osakidetzak, kaltetutako udalek eta ospitaleko profesionalek osatuko luketen mahaia sortzeko galdegin dio Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailari, “eskualdeak behar dituen osasun zerbitzuak zehaztu eta adosteko”. Gainera, obran kontuan hartu beharreko irizpideak ospitaleko langileekin adostea ezinbestekotzat jo du koalizioak.
“Osasun sistema publiko integrala eta indartsua” aldarrikatu du EH Bilduk: “Lehen arreta sendorik gabe ezinezkoa baita osasun sistema indartsua izatea”. Ildo horretatik, Irunek hirugarren anbulatorioa behar duela adierazi du.