Biribildu zaizkit ertzak eta agondu naiz
Matelak gorritzen zaizkit mendian gora abiatzen naizelarik, mendi-mazelak astun egiten zaizkidalako, baina esperantzari leiho bat ireki nahi nioke posible eginez ezinezkoa: Jaizkibelen, Erlaitzen, Aiako Harrian nahiz Xoldokogainan, Pirinioetako Bidea elkartasun —eta askatasun— ildo zabal izan dezagun herri zapalduok heldu den uda sargoritsuan, uztailaren 2an. Erabakitzeko eskubidea denoi dagokigu, baina aspaldiko mendeetan zapalduriko herri batek merezi du berez independentzia, inolako galdeketarik gabe, agian. Nik soilik matelak gorri ditut bi begi tristeen azpian, eta irribarre leun eta lotsati bat ateratzen zait itxaropenari begira, ene etsipenean.
Itxaropenez begiratzen diot etorkizunari, joan direnak gogoan, ikastolako garai zoriontsuak oroituz, eta agondu naiz Hondarribiari begira. Izan ere, etzanda edo horizontalki egon nahi nuke beti errealitateaz ez ohartzeko, baina etzanda egonik, agondu naiz; hau da, gorputzaren goiko aldeko erdia jasotzen dut, eserita gelditzeko, agonduta. Apirila bipil hasi dugu Korrikaren indarrarekin hitzak haragituz, eta Aberri Eguna ospatu dugu. Ene ametsa litzateke Euskal Herri batu eta aske bat, eta ni jada ez naiz neska gazte bat, baizik eta emakume ausart bat oraindik bere ametsak betetzeke dituena. Ama izan nahia beti izan dut buru-bihotzean, eta maitemindu naiz ene seme-alaben aitaz. Hura, ordea, ez da ausart izan, eta nahiago du beste batekilan, edo auskalo… agian ni ez naiz haren seme-alaben ama amestua.
Nostalgiaz begiratzen diot iraganari, etorriko direnak gogoan, familia zoriontsu bat irudikatuz, eta agondu naiz, ohartzeko errealitateaz: hauxe naiz, emakume euskaldun abertzale bat. Maiatza maitearekin gereziondoaren azpian hasi nahi nuke musuka, indarrarekin hitzak eta ametsak haragituz, aberri euskaldun batean. Ene ametsa litzateke Euskal Herri batu eta aske bat, eta ni jada ez naiz neska gazte tuntun bat, baizik eta emakume ausart bat, oraindik bere ametsak betetzeke dituena, ilusioak bizi duena.
Biribildu zaizkit ertzak neguan, eta agondu naiz nekaturik, indarberritzeko eta berriro ere xutitzeko, zubi bat eraikitzeko hitzak erabiliz, gutarteko zubi hori osatzeko har-hitzak ontsa hautatzeko, gure zubiak betiko irauteko. Burdin bizia edo imana izan nahi nuke, berriro ere ene maitea neureganatzeko eta bizitza bat elkarrekin eraikitzeko.
Ametsak? Beharbada amets hutsak dira horiek guztiak, baina horiek xutiarazten naute goizero, gau osoa ametsetan etzanda egon ondoren, agontzeko eta errealitateaz jabetzeko eta aitzina segitzeko. Biribildu zaizkit ertzak neguan, zuk, ene maitea, udan goxo besarka eta laztan nazazun etzanda gaudelarik errealitatetik urrun, eta gure ametsak hitzekin haragituz.