Santano Gotzone Sagarduirekin bildu da
Osasun sailburuak baieztatu dio kirofanoak itxi gabe bloke kirurgikoa berritzeko alternatibak bilatzen ari dela, eta datozen asteetan bilerak egingo dituela eragileekin.
“Sailburuak baieztatu digu Bidasoako Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko, proiektu berri bat idazten ari direla, ebakuntza-gelak itxi gabe, obrek iraun bitartean”, jakinarazi du Jose Antonio Santanok. Atzo Irungo alkateak eta Josune Sagardui Osasun sailburuak bilera egin zuten Gasteizen Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren berritzearen inguruan hitz egiteko. Obra horiek maiatzean hastekoak ziren.
Era berean, Osasun Sailak datozen asteetan bilerak egingo dituela jakinarazi dio eman beharreko urratsei buruzko iritziak jasotzeko. Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak eta Batzar Nagusiek eskaera egina zioten Osasun sailburuari Bidasoko eskualdeko erakundeekin hitz egiteko eta kirurgia blokea berritzeko proiektuak sorrarazitako zalantzak argitzeko. Santanok ere profesionalekin hitz egiteko eta hala badagokio horien proposamenak kontuan hartzeko eskatu dio Sagarduiri.
Alkatea “pozik”
Apirilaren 12an prentsan aurreratutakoa baieztatzearen aurrean, alkatea “pozik” agertu da beste behin. Obrak zehatz mehatz ezagutu eta haren gainean eztabaidatu arte hori zela profesionalen, herritarren eta eragin eremuko udalen eskaera gogorarazi du. Udal talde politiko guztiek ere bat egin zutela aipatu du, EAJk izan ezik.
Edozein kasutan, helburua “etorkizunari begira Bidasoak ahalik eta ekipamendu sanitario onena izatea” dela adierazi du Santanok, eta, zentzu horretan, bloke kirurgikoaren berrikuntzaz gain, Osasun Sailak eskualderako dituen planen berri ematea eskatu dio Sagarduiri. Udalak Oinaurren lur saila duela gogorarazi dio, Irungo hirugarren anbulatorioa eraikitzeko.
Bilera adeitsua izan dela jakinarazi du, eta gatazka bideratu ahal izan dela: “Garrantzitsuena da bizitako desadostasuna atzean uztea eta guztion artean, profesionalen, erakundeen eta herritarren artean ahalik eta proiekturik onena lortzeko positiboki lan egitea”.