Mugikortasun ordenantza bozkatuko dute biharko Osoko Bilkuran
Modu formalean jaso nahi dituzte orain arte landutako mugikortasun planak, eta helburu desberdinez osatu dute ordenantza.
Bihar Mugikortasun ordenantza behin betiko onartuko dute Osoko Bilkuran, eta horri buruzko xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak.
Mugikortasunaren gaia ez dela deus berria azaldu du alkateak eta udal gobernuaren agintaldi planaren ardatzetako bat dela gogorarazi du, “mugikortasun jasangarri eta iraunkorra egiten ari garen aldetik”. Orain arte gauzatutako mugikortasun planak modu formalean jasotzea dute helburu ordenantzarekin, eta dagoeneko Udalerri Batzordetik pasa dela adierazi dute. Hurrengo urratsa bihar Udalbatzan onartzea da.
Helburu desberdinak betetze aldera gauzatu dutela ordenantza diote, hala nola, iraunkortasuna kontuan izatea, bide segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzen laguntzea, “eska daitezkeen jokabideak eta kaleak eta espazio publikoak erabiltzeko arauak argituz”.
Horrez gain, ingurumena errespetatuko duen garraio moduak sustatu nahi dituzte, “baita bizikidetza gehien sustatzen dutenak eta bidezkoenak direnak ere”. Udalaren hitzetan haurren, adinekoen eta behar bereziak dituzten pertsonen joan etorri seguruak bermatu nahi dituzte. Eremu publikoa berreskuratzea ere dute xede, zirkulatzeko edo ibilgailuentzako bakarrik izan ez daitezen.
Bi urtetako prozesua
2020ko irailean mugikortasun mahaiari ordenantzaren lehen zirriborroa bidali ziotela esan du Silanesek, eta ondoren horri buruzko saio bat egin zuten, “bertan mugikortasun mahaiko ekarpenak jaso genituen”. Ekarpenak jaso eta zirriborroa moldatu zutela azaldu du, “mugikortasun jasangarrirako ikuspegia txertatu behar genuen”. Ondoren, mugikortasun mahai hartatik ateratako ordenantza proposamenari buruzko aurrekontsulta publikoa egin zuten, eta zirriborro berria sortzeari ekin zioten. Horregatik, eskerrak eman dizkio ordezkariak udaltzainei eta mugikortasun mahai osoari.
Orain arte landutako mugikortasun programei dagokienez, oraintxe abian dagoen Kalez Kale programa aipatu dute, edota 30 kilometro orduko hiria. Portua auzoan hasi zuten planari buruz galdetuta Silanesek argitu du Butroi pasealekuaren erabilerari buruzko kontaketa-ikerketa egiten ari direla. “Proiektua martxan jarri genuenean zenbait argi piztu ziren eta guk hausnarketa egin dugu, baina planarekin aurrera jarraitzen dugu egokituta edota beste modu batean txertatzeko asmoarekin”.
Ikerketaren bidez ea zein erabilpen ematen zaion pasealekuari jakin nahi dute, sailkapen baten bidez neurtuta: asteburuak, astegunak, udara eta negua. Kexu ziren herritarrek batez ere txirrindolaren erabileraren murrizketarekin ez zeuden ados, eta agian murrizketa egingo dutela ordutegi batzuen baitan dio Silanesek, “edo uda garaian eta neguan beste batean. Hori dena aztertzen ari gara”.
Hala ere, hemendik urtebetera hiriaren kale antolakuntza aldatuta egongo dela oroitarazi du beste behin alkateak, Kalez Kale proiektuagatik, eta mugikortasunean horrek izango duen eragina aintzat hartuko dutela Portua proiektuan esan nahi izan du azken adierazpen hauekin.