Mantentze lanak egingo dituzte Irunen
Kaleko altzariak margotu eta haur jolastokietako segurtasun lurzoruak aldatuko dituzte.
Irunen haurrentzako 50 jolastokitik gora daude. Eta Mónica Martinezek azaldu duenez, “asko erabiltzen dira, eta, horregatik, noizean behin, gauza batzuk errepasatu behar dira, ahalik eta egoera onenean egon daitezen”. Horregatik, hainbat jolastokietako segurtasun lurzoruak aldatuko dituzte.
Hori dela eta, zenbait haur parke itxita izango dira lanak amaitu bitartean. Lur zoruaren berritzea besteak beste Luis Mariano lorategietako, San Antonio Paduakoa plazako edo Lapurdi kaleko parkeetan egingo dira.
Bestalde, kontserbazio lanak egingo dituzte. Kaleko altzariak, hau da, bankuak, mugarriak eta barandak pintatzeko lanak egingo dituzte Urdanibian, San Miguel-Anakan, Dunboan, Lapitzen eta Artian. Halaber, San Miguel-Anakan, Belaskoenean, Palmera-Monteron, Pio XII.ean, Mendibilen eta Santiago-Beraunen farolak margotuko dituzte. Lan hauetarako, udalak, 96.800 euroko aurrekontua izango du.