Beilatokiaren obra lizentzia eten du Auzitegi Nagusiak
Abotsanitzek hainbat alditan lizitazio horren gaineko alegazioak jarri izana gogoratu du, eta orain, epaiak arrazoia eman diela berretsi dute.
Abotsanitzek jakinarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak martxoaren 22ko 175/2022 epaian Gabarrari kaleko beilatokia eraikitzeko lizentzia zuzenbidearekin bat ez dioala ebatzi duela. Ondorioz, administrazio espedienteko jarduketak atzeratzea erabaki du Auzitegi Nagusiak, “udalak 1997ko arau subsidiarioen araubide juridikoaren pean beilatokiaren lizentzia-eskaerari erantzun diezaion”.
Talde politikoak jada ohartarazi zuen zalantzazko lege oinarria baliatzen ari zirela lanekin hasteko, baina, hala ere, Inmorekalde 21 SLri obra lizentzia eman izana gaitzetsi dute. Bertan ez eraikitzearen arrazoietako bat lekuaren berezitasunak direla azaldu dute, hala nola, arrantza jardueretarako erabiltzen dela ingurua.
Udalean proiektua gelditzeko alegazio guztiak gelditu zituela EAJren udal gobernu taldeak oroitarazi dute, pertsona partikular batek Donostiako Administrazioko Auzien Epaitegian salaketa jarri arte. “EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak atera dizkio berriro koloreak Hondarribiko Udalari, zeinek uneoro defendatu duen baimenaren legezkotasuna”
Epaiaren esperoan beilatokia eraiki egin dute eta Abotsanitzek adierazi du “orain linbo juridiko batean geratzen dela”. Izan ere, lizentzia ez dator bat zuzenbidearekin eta administrazio espedientea berriro izapidetu behar dela Arau Subsidiarioen oinarriarekin esan du udal taldeak. “Horiek ere ez lukete baimenduko proposatutako xederako eraikin bat egitea; hau da, tanatorio bat”.
Hondarribia ez dadila izan epai horren ondorioen erantzule eskatu du Abotsanitzek, eta agintariek hartu behar luketela horren gaineko ardura diote.