"Xakea handi" egin dute Euskadiko Gazteen Banakako Txapelketan
Asteburuan jokatu da txapelketa eta antolatzaileak kontent ageri dira parte hartzearekin, eta, oro har, edizioarekin.
Pasa den asteburuan burutu da Euskadiko Gazteen Banakako Txapelketa Jostaldi pilotalekuan. Marlaxka xake klubak antolatu du, eta EAEko 12 kirolarik parte hartu dute edizio honetan.
Jokalari hondarribiarrak aritu dira lehian, horietatik lau 18 urtez azpikoetan, eta horietatik hiru kadeteak dira era berean, hauek dira, Aritz Tornay, Jurgi Diaz, Milan Pejic eta Iker Tafall. Aipaturiko azkena Euskadiko Txapeldun titulua jaso berritan jokatu du.
Txapelduna Gasteizko Martxintxo Xake Taldeko Hugo Pelegrin izan da, eta “nesketan txapeldun” Jugatx Jiashang Larrakoetxea izan da. Lehen hiru postuak, baina, sailkapen orokorraren baitan neurtu dituzte, eta horregatik ez da Jiashang podiumean ikusten. Bigarren postua Manex Reguillagarentzat izan zen, eta hirugarrena Alex Larrañagarentzat.
Etxekoei dagokienez, bosgarren postua bereganatu du Tornayk, zortzigarrena Diazek, bederatzigarrena Tafallek eta hamargarrena Pejicek. Juan Luis Silanes Kirol zinegotziak banatu zituen sariak.
Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek “benetan uste dugu ekitaldia ondo geratu zaigula: jokalariak eroso egon dira, baita gurasoak ere eta xakea handi egin dute”. Eskerrak emateko tartea ere hartu dute eta klubeko kide guztiei eman dizkiete “egun hauetan laguntzera” joan direlako, baita Hondarribiko Udalari “antolatzen ditugun ekitaldi guztietan ematen digun laguntzagatik” ere.