Bertako nekazarien produktuak erosteko webgunea zabaldu dute
Bidasoa km0 azoka digitalean bertako ekoizleen informazioa eskuratzeko eta produktuak erosteko aukera egongo da. Elkartetik herritar guztiak "eskualdeko barazki, ezti, ogi eta bestelako produktu zoragarriak" probatzera animatu nahi dituzte.
Nekazarientzako garai zailak diren arren, “ez dugu amore emango, lanean jarraituko dugu” adierazi dute BDS KOOP elkartekoek. Gutxi dira egun lurra lantzen darraitenak, eta elkartetik nekazaritzaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute; “Ezinbestekoa dugu ingurunea errespetatu eta zaintzeko, eta gure ondare kultural handienetako bat dugu”. Horrenbestez, merkaturatze bideak irekitzeko eta errazteko onlineko azoka abian jarri dute.
Webgunean Bidasoako ekoizleen inguruko informazioa topatzeaz gain, erosketak orrialdean bertan gauzatu ahal izango dira eta herritar guztiak “eskualdeko barazki, ezti, ogi eta bestelako produktu zoragarriak” probatzera animatu nahi dituzte. Halaber, onlineko azokan ekoizle bakoitzak perfila osatzeko aukera izango du, banaketa puntu, ordutegi eta produktu eskaintza aurkeztuz. Horregatik, ekoizleak plataformaren parte izatera gonbidatu nahi dituzte.
Oraingoz honako ekoizle hauek aurkitu daitezke bertan: Astiro Baratza (Hondarribia), Sorburu Baratza (Hondarribia) Garua Okindegia (Hondarribia) eta Iparraldeko Eztia (Bidasoaldea).
Ekoizleen informazioa eta produktuak erosteko egin klik hemen.