Aurrekontuei 7,39 milioi euroko kreditua gehitzea proposatu du EAJk
Ostegunean egingo den plenoan bozkatuko dute udal gobernuaren proposamena eta gainerako udal taldeek mozioak aurkeztu ahalko dituzte.
Lehen kreditu aldaketaren proposamena aurkeztu dute gaur Txomin Sagarzazu, alkatea, eta, Juan Luis Silanes alkateordeak. Ostegun honetan egingo den plenoan, EAJren udal gobernuak landutako 7.394.730,12 euroko aurrekontua duen proposamena onartzeko bozketa egingo dute, 110 partida desberdinetan zatituta dagoena.
Abenduan onartu zuten 24.363.525 euroko udal aurrekontua, eta orain kopurua handitzea du asmo EAJk, “Hondarribia indarberritzea da gure erronka nagusia”, dio Sagarzazuk. Etziko biltzarrean mozioak aurkeztuko dituzte oposizioko taldeek, eta gaur egitekoak dira udal ordezkariak horren gaineko azken bilera, alkateak zehaztu duenez. Hori dela eta, ezin duela adierazi zein mozio jorratuko diren esan du.
7,39 milioi euro inguruko gehigarria
Oraindik aurrekontu guztien desglosea publiko egin ez duten arren, “garrantzitsuenak” zeintzuk diren aipatu ditu Altunak. Diru partida nagusiena– 1.958.850 euro– hiriaren mantenura bideratuko da, horietatik 667.500 euro zerbitzu teknikoetara, hau da, seinalizazioak eta bideen kontserbazioa.
Ondarearen arloari 615.000 euro eskaini nahi dizkiote, horietatik 500.000 San Nikolas baluartearen inguruan dagoen Lapitz eraikina eskuratzeko. Bestalde, San Telmo gaztelua erosteko erabiliko duten 3,5 milioi euroko diru kopurua ez dutela proposamen honetan jaso azaldu du Sagarzazuk.
Ingurumenera 218.500 euro bideratu dituzte eta hezkuntzara 85.000 euro, hala nola, ikastetxe publikoen mantenua egiteko. 177.000 euro bideratuko dituzte kirol instalakuntzen mantenura “Soroeta, Amuteko kirolgunea, esate baterako”. 700.000 euro Saindua gaztelekua eraberritzeko erabiliko dituzte, “egituran zeukan arazo larri baten konponketa kontutan hartuko duen lizitazio batekin”. 130.000 Txingudiko Mankomunitatera bideratuko dituzte, “zenbait inbertsio egiteko tresnerian eta makinerian”. Kultura eta herriko jaietara, 400.000 euro. Azkenik, Eusko Jaurlaritza eta VISESArekin sinatuta duten akordioan zehaztu zuten 149.000 euro onartu dituzte horretarako.
Alkateak hausnarketa eginez amaitu du agerraldia, eta udal taldea martxan dagoela nabarmendu nahi izan du. Eredu gisa jarri du Kalez Kale programa landu eta abian jarri izana. Apiril bukaeran kreditu gehigarri hauek onartzeak ez duela ja gauzatu daitezkeenik esan nahi adierazi du, “Izan ere, indarrean sartzeko behar dira beste aste batzuk ere, eta jabetzen gara horiek guztiak gauzatzeak zailtasunak badituela. Zailtasun horien gainean hori adierazi nahi nuke”. Aurrekontuak proiekzioak direla argudiatu du Sagarzazuk, eta bere iritziz, “denborek, administrazioan, askotan, aukerak kentzen dituzte”.
Osteguneko plenoan, 2021eko aurrekontuaren likidazioa ere onartuko dute, alkate dekretu baten bidez.