"Hiritar guztientzako alarde bat" antolatzeko eskatu dio Santanori Alarde Parekidearen Juntak
Berdintasunaren aldeko konpromisoa jaietan ere gauzatzeko tenorea iritsi dela iritzi dio batzordeak, eta udalak alarde parekidea sustatu eta antolatu behar duela.
San Martzial Egunerako bi hilabete pasatxo falta diren honetan, Alarde Parekidearen Juntak eskaera bat egin dio Jose Antonio Santano alkateari: Irungo Udalak “hiritar guztientzako alarde bat” antola dezala.
Batzordeak onartu du udal erakundeak berdintasunaren konpromisoan “urratsak” egin dituela hainbat esparrutan, eta, orain, “konpromiso hori hiriko jaietan ere gauzatzeko tenorea” iritsi dela iritzi dio, “hain zuzen, udalak alarde parekidea sustatu eta antolatuta”.
Juntak gogorarazi duenez, 23 urte dira Irunen bi alarde daudela: bata, emakumeak kantineren paperean baizik onartzen ez dituena, eta, bestea, ez baztertzailea, Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoaz partikular talde batek antolatua.
Alabaina, alardea mende eta mendeetan Herriko Etxeak antolatua izan dela gogorarazi du: “Tenore honetan, hiriak berriro merezi du udalak antolatutako alardea”. Ildo horretan, gizon eta emakumeen berdintasun printzipioa udala barne den ordenamendu juridiko guztietan jasoa dagoela azaldu du, eta Autonomia Estatutua aipatu du adibide gisa. Bertan jasotzen da botere publikoen eginbeharra dela “baldintzak sustatu eta oztopoak gainditzekoa” pertsonek eta beren taldeek “berdintasun benetako eta eraginkorra lor dezaten”.
Areago, betebehar “moral eta politikoa” dela esan du, eta, zentzu horretan, esparru guztietan, jai girokoetan barne, berdintasuna ezinezko egiten duten oztopoak desagertzeko deia luzatu die arduradun politikoei.
Alkateak eskabideri “erantzun positiboa” emango dion itxaropena agertu du batzordeak.