Gizarte larrialdietako laguntzetara 1,2 milioi euro bideratuko ditu udalak
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programak 1.159.000 euroko aurrekontua izango du, eta laguntza bereziak, berriz, 112.000 euro, iaz baino gehiago.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateak herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko dituen bi prestazio ekonomikoen berri eman du: Gizarte Larrialdietako Laguntzak eta laguntza bereziak. Bi laguntzak batuta, udalak 1.271.000 euro bideratuko ditu herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko.
Gizarte Larrialdiko Laguntzen aurrekontua 1.159.000 eurokoa izango da, eta laguntza bereziena 112.000 euro. Laguntza berezi horiek Diru sarrerak bermtzeko sistemaren esparrutik kanpo ematen diren egoeretarako ezohiko laguntzak dira, eta udalak kudeatu nahiz finantzatzen ditu. Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzeko betekizunen bat betetzen dutenei zuzenduta daude (esaterako, erroldatze denbora), eta beste zenbait kontzeptu ere kontuan hartzen dira, gizarte langileek egoera berezia dela egiaztatzen badute.
Laguntze berezi horien barruan, Ukrainatik ihes egin behar izan duten familientzako laguntza ekonomikoa aktibatu dute, mantenua kontzeptuan, baina kontzeptu gehiago irekitzeko prest azaldu da beharra sortuko balitz, adibidez, hiriria oso gauza gutxirekin iristen ari diren pertsona eta familiei laguntzeko. Mantenuaren kasuan, elikadura bezalako laguntzak sartzen dira.
Laguntza berezietan, gainera, familia edo norbanako bakoitzak jaso dezakeen gehienezko kopurua handitu dute: alokairuaren kasuan, hileko 250 eurotik, gehienez, 275 eurora; eta mantenua 250 eurotik 400 eurora. Gauza bera gertatuta Gizarte Larrialdi Laguntzen programan ere: urteko gehienezko laguntzak 900 eurotik 1.500 eurora arte igo dira. Etxebizitzaren mantenu gastuak ere (ura, estolderia, zaborra…) igo egin dira, 780 eurotik 900 eurora.
716 eskaera
Iaz, Gizarte Larrialdi Laguntzetan 716 eskaera jaso zituzten, eta 608 familia izan ziren onuradunak, eta hainbat kontzeptu eska ditzaketela kontuan hartuta, guztira, 1.427 laguntza eman zitzuten, 2021ean baino 8 gehiago. Gehienak adineko pertsonak ziren (60 urtetik gorakoak, 214 eskatzaile). Kontzeptuka, laguntza gehienak etxebizitza ordaintzeko gastuei erantzuteko izan dira.