[Erreportajea] Partida jokatu aurretik garaipena eskuratu dute
Txingudi Eskubaloia aniztasun funtzionala daukaten pertsonek eskubaloian jokatzeko aukera izan dezaten saioak antolatzen ari da. Hurrengoa etzi izango da, Uranzu pilotalekuan, 10:30etik 12:30era.
Txingudi Eskubaloiak aniztasun funtzionala daukaten pertsonentzako hainbat jardunaldi antolatu ditu eskubaloira hurbildu eta kirol hori ezagutu nahiz praktika dezaten. Izaskun Larruskain Txingudi Eskubaloiko batzordeko kidea da, eta Hezkuntza Premia Berezian lan egindakoa. Guraso batzuk berarekin jarri ziren harremanetan, ea zer egin zitekeen galdetuz, eta eskubaloi inklusiboa lantzea proposatu zien, «kirol ekintza gutxi zeudelako beraientzat bailaran». Txingudi Eskubaloia talde berria da. Duela hiru urte sortu zuten senior nesken taldearekin, eta, segidan, senior mutilen taldearen txanda izan zen.
Hurrengo pausoa aniztasun funtzionala daukaten pertsonekin lanketa egitea zen, baina pandemiak dena atzeratu zuen. «Hasieran, ezin genuen jarduerarik egin, kolektibo zaurgarria eta zaindu beharrekoa baita». Denboraldi honi begira, ordea, egoera aldatu zenez eta federazioarekin harremana zeukatenez, zerbait egiteko aukera ikusi zuten, eta jardunaldi batzuk antolatu zituzten. Hala ere, lehen bi saioetan ez zuten zorterik izan, «lehenengoan COVID-19 foku handi bat izan zen, eta ia denak isolatuak egon ziren. Bigarrenean ere, Gabonetan, gauza bera gertatu zen».
Azkenean, hirugarrengoan taldetxo bat osatzea lortu zuten, eta lanean hasi ziren. «Egindako saioak oso politak eta aberatsak izan dira; oso ondo pasatu dute bai beraiek baita guk ere», adierazi du Larruskainek. Hurrengo jardunaldia, hain zuzen, etzi izango da, 10:30etik 12:30era, Uranzu pilotalekuan.
Datorren denboraldiari begira talde bat osatzea da helburua
Larruskainen esanetan, partaideentzat oso esanguratsua da ikustea badutela kirola egiteko aukera. «Asko Bidasoako jarraitzaile sutsuak dira, eta eskubaloia asko maite dute, beraz, euren burua jokatzen ikustea, eta sortu den giro politarekin, gainera… oso positiboa da beraientzat». Aurten hurbilketa bat egingo dute, baina datorren denboraldirako talde bat sortzea da asmoa. «Orain arte etorri diren pertsonekin, eta hurrengo saiorako izena eman dutenekin, badugu talde bat osatzeko adina lagun. Datorren denboraldian, beraz, entrenamenduak egingo dituzte eta beste funtzionamendu bat edukiko dute», azaldu du Txingudi Eskubaloiko kideak.
Talde mistoa osatuko dute, aniztasun funtzionala daukaten 16 urtetik gorako lagunekin. Gehienak Irun eta Hondarribikoak diren arren, Donostiatik ere etorri dira saioetara. Askotariko profilak dituztela azaldu du Larruskainek, eta hori «enkajatzen» joan behar dutela, «beraiek ikasten ari dira, baina baita gu ere». Edozein kasutan, nahiz eta profilak anitzak izan, denek parte hartu behar dutela argi dute: «Denek ez dute ahalmen bera, baina denek jolastu behar dute».
Lehen partida, ekainean
Maiatzeko laugarren saioa eta gero, partida bat jokatuko dute ekainaren 11n, Barakaldoren kontra. Egun horretan, emakumeen txapelketa egingo dute, eta, arratsaldean, finalaurrekoen eta finalen tartean, eskubaloi inklusioko lehia jokatuko dute. «Gu gogoz gaude, baina beraiek gehiago», jakinarazi du Larruskainek. Partida eta gero, atseden hartuko dute, eta gauzak prestatzen hasiko dira datorren denboraldiari begira. Entrenamenduak irailean hasiko dituzte, eta egutegia osatzen ari dira jokalariekin.
Larruskainen arabera, «ilusio handia» piztu die proiektuak, «benetan aberasgarria izaten ari da». Aginagalde, Kauldi edo Azkue bezala, beraiek ere eskubaloian joka dezakete, eta hori bere horretan garaipen bat da.