[Erreportajea] Bertako produktuak balioan, sukaldeko sutan
Jendearengana gerturatu nahi du udalak seigarrenez herriko nekazarien lana Bertako Produktuen Azokaren bidez. Hartara, Leire Etxaide eta Eneko Huarte ekoizleak dinamika horren gainean aritu dira.
Hilaren 25etik 30era Bertako Produktuen Astea egingo dute seigarrenez hiriko ostalaritza eta elikadura establezimenduetan (egitaraua, hemen). Xedea, Hondarribiko azokaren irudia eta bertako produktuak sustatzea dela adierazi zuen aurkezpen agerraldian Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak. Prentsaurreko horretan Gorka Irisarri Danontzat Gastrotekako sukaldaria izan zen, eta etxeko produktuen alde egiteko horrelako dinamikak funtsezkotzat jo zituen.
Egitasmo horren barruan Loreak ezagutzen tailerra eskainiko duen Leire Etxaide ekoizlearekin, eta hiriko azokan txokoa duen Eneko Huarte nekazariarekin hitz egin du Hitza-k, gaiaren gainean duten iritzia jasotzeko. Izan ere, haien lana balioan jartzea da udalak antolatutako proiektuaren asmoa.
Etxaide Amuntza baratze proiektuko kide da, eta larunbatero San Pedro karrikako azokan bere txokoa jartzen du. Ekoizle moduan 2018an hasi zela azaldu du, eta Bertako Produktuen Astearen dinamika iaz ezagutu zuela. Hondarribiarrak hilaren 30ean eskainiko du tailerra azokan bertan.
Haren esanetan, aukera ona da dinamika bertako ekoizleei lekua emateko modu bat delako, eta balioa ematen zaiolako haien lanari. «Ongi dago Bertako Produktuen Astea, ezer baino hobe badelako». Dena den, mahai gainean jarri du benetako lan baten beharra dagoela haien lanari balioa emateko. «Benetako lan bat behar da, eta denok egin beharko genuke, hau da, ekoizleek, udalak eta erosleek. Asko dago eraikitzeko».
Pandemia garaian azokak bizi izan zuen lekualdatzeak ikusgarritasunean izan duen eraginaz ere aritu da, eta «kili-kolo» geratu zela uste du. «Eragin nahiko ezkorra izan du pandemiak, baina berriro Damarrira joateak onura egingo digu».
«Benetako lan bat behar da, eta denok egin beharko genuke»
Eneko Huarte Landatxek Botika agroalde komunitarioan du baratzea, eta haurrekin bisita gidatuak egiten zituztela, udalak antolatuta, azaldu du. Nekazarien lana ezagutarazteko ziren bisita horiek. Hala ere, gertutasun falta nabaria dagoela zorrotz adierazi du: «Batez ere haurrekin dugu harremana eta elkartzen garenean haiek dagoeneko dakitena kontatzen diegula sentitzen dugu, baina ohitura da falta dena». Egunerokotasuneko lanean ikasten den horretaz jabetzeaz ari da Huarte, eta gertutasun falta zentzu horretan faltan sumatu du.
Bestalde, nekazaritzaren etorkizunaz ere iritzia du ekoizleak, eta agroaldean duten antzeko proiektuetara geroz eta jende gehiago animatzen ari dela adierazi du, «saskien kontura, salmenta zuzenera, gertuko kontuetara».
Hamahiru tailer
Sukaldariek eskainiko dituzte egitasmoaren barruko tailer gehienak, eta jarduerek ikuspegi turistikoa duten arren, asteak ekonomia zirkularrak nola funtzionatzen duen ulertzeko balio duela uste du Huartek, «ideia hori piztu egiten da». Haur zein helduentzako hamahiru tailer prestatu dituzte, batez ere sukaldaritzarekin lotutakoak. Plazek muga dute, eta beraz, aldez aurretik izena eman behar da webgune honetan.