[Elkarrizketa] “Geroz eta gehiago ari naiz arriskatzen, soka tenkatzen”
Hainbat proiektutan murgilduta dago Irunen bizi den artista bilbotarra. Horien artean, ‘Ignora’ argitalpen berria. Bestalde, hilaren 29an, kontzertua eskainiko du Oiasso museoan.
Datorren hilaren 29an Oiasso museoan kontzertu bat eskainiko duzu. Abenduan bertan behera geratu zen kontzertuaren arantza ateratzeko balioko dizu?
Pena eman zidan kontzertu hori bertan behera uzteak, baina une horretan indarrean zegoen osasun protokoloaren eraginez egin behar izan genuen. Azkenean, 29an aterako dugu arantza.
Zein izan zen Irunen eman zenuen azken kontzertua? Etxean jotzea beste modu batez bizi duzu?
Irungo azken kontzertua ere Oiasso museoan izan zen, baina proposamena bestelakoa zen: Xabier Erkizia igo zen taulara nirekin, eta orduan Res-cue. The archive in the mouth eskaini genuen, diska-liburu bat. Zorte txarra izan genuen, 2020ko martxoan argitaratu genuelako, eta aurkezpen data gehienak bertan behera geratu ziren pandemiagatik. Irunen proiektua berrartu ahal izan genuen handik hilabete batzuetara, eta 30 lagunen aurrean aurkeztu. Irunen jotzeak beti babestua sentiarazten nau.
Zer eskainiko duzu kontzertu honetan?
Behin Res-cue-ren hainbat aurkezpen eginda eta argitalpena agortuta, azken hilabeteetan lan horren bilakaera naturala eskaintzen ari naiz zuzenekoetan. Nire sormen prozesuen irudikapen eszenikoa da, bihurritzea eta deuseztea, kantu berri eta soinudun poemen bitartez. Guztiek ildo bera dute: hauskortasunari abesten diot erresistentzia eta moldaketaren elementu gisa.
Aretoaren baldintzak baliatuko ditut formatu oso intimoa girotzeko, publikoa nire etxera gonbidatuko banu bezala. Azken kontzertuak antzokietan eskaini ditut (Viktoria Eugenia) eta auditorioetan (Azkuna Zentroa, Kaiola Festibala), non eszenatokia izugarria zen eta artista eta publikoaren artean nolabaiteko distantzia zegoen. Irunen, berriz, langa hori haustea da nire asmoa, gertutasun giro bat sortuz bai musikaren bitartez baita soinu eta argiztapenaren bitartez ere, ikusgarritasunetik urrunduz.
Abenduan 30 urte bete ziren zure lehen kontzertua eman zenuenetik. Atzera begiratuta, nola baloratzen duzu zure ibilbidea?
Zoriontsu sentitzen naiz ibilbide hori nire erara landu izanagatik, presarik gabe eta helburu txikiak lortu ahala batuz. Horiek mugarriak izan dira ibilbide luzea geratzen zaion bide batean, edo hori espero dut, behintzat. Atzera begiratuta, nahiz eta momentu zail eta frustragarriak bizi izan ditudan, etenik gabeko ikasketa bat ikusten dut, eta horrek aurrera segitzera bultzatzen nau, eta bidean ikurrak jartzen jarraitzera.
Musikalki zein momentutan zaude orain?
Une patxadatsu eta lasai batean nago. Ikasten jarraitzeaz aparte ez dut gehiago behar, eta, tarteka, nire burua harritzea gustatzen zait. Orain, noizbait egotea amestu izan dudan tokian nagoela uste dut, eta hori oso polita da.
Musika industriaren aginpetik geroz eta aldenduago nagoela esango nuke, baita gure bizitzako zirrikitu guztietara iristen diren ikusmenaren eta berehalakotasunaren tiraniatik ere. Horrek egunerokotasunean erabaki kontzienteak hartzera bultzatzen nau, batik bat musikari dagokionez: nik nola ulertzen dudan egon behar duela nire musikak kokatua munduan, baita nola entzuten dudan edota gozatzen dudan ere. Musikarekin batera, baita edozein forma artistiko ere. Alegia, erabakitzen ari naiz zer egiteko prest nagoen eta zer ez. Zentzu horretan, geroz eta gehiago ari naiz arriskatzen, nolabait soka tenkatzen erabat kontzienteki, eta egunez egun hura puskatzeko beldurra gutxitzen ari zait.
Zortzigarren diskoa prestatzen ari zara. Baduzu zerbait aurreratzerik?
Ez da berez disko bat, publikazio hibrido bat baizik. Ignacio Cordoba soinu artistarekin batera sinatu dut. Ignora deitzen da, eta liburu fisiko bat darama edizio oso berezi eta mugatuan, 250 unitatekoa. Horren bidez sarbidea izango da diskoa dokumentala eta material extra deskargatzeko.
Soinu piezak Tabakalerako egonaldi artistikoan eta Kaxildan (Donostia) sortu eta grabatutakoak dira 2019an, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz gauzatu da argitalpena.
Badirudi pandemia arindu egin dela, eta artistek zuzenekoetara bueltatzeko aukera izango duzue, besteak beste. Pandemia aurreko bizitza eta agenda errekuperatzen ari zarete?
Bai, errekuperatzen ari gara. Nik neuk murrizketa gehien izan ziren hilabeteetan ez nuen zuzenekorik eskaini streaming bidez, ulertzen nuelako bide hori ez zela nire proposamenarentzako aproposena. Edozein kasutan, lan asko izan nuen online prestaketa saioekin, baina, zinez, eskertzen dut eskaintzen ditudan tailer eta ikastaroetan presentzialtasunera bueltatu izana. Garrantzitsutzat jotzen dut elkar ikustea, entzutea eta eragitea, azal, izerdi eta ahal izanez gero, barreak partekatuz, aurrez aurre.
Kontzertuez gain, jabetza intelektualari buruzko hitzaldi eta tailerrak ari zara ematen, eta liburu bat ere argitaratu duzu. Nolatan sartu zinen mundu horretan?
Autore eta musikari bezala behar nuelako. 1990eko hamarkadan gerora damutu nintzen kontratuak sinatu nituen, eta sinatu beharko nituzkeen beste batzuk, berriz, ez nituen sinatu. Nire erabaki artistikoen kontrola galdu nuen, akordio horien letra txikia ez ezagutzeagatik. Industriaren barruko inork ez zizun ezer azaltzen, eta bakarrik ‘mundu guztiak’ sinatzen zuen hura sinatzera gonbidatzen zintuzten. 2003an nire diskoetxea sortu nuen nire konposizioen nahiz nire grabaketen kontrola mantentzeko. Handik aurrera, jendea, gutxi asko, aholkularitza eskatzen hasi zitzaidan, eta horrela osatu nituen musika autogestiorako tailerrak lehenik, eta egun eskaintzen ditudan gainontzekoak ondoren.
2020ko udaberri eta udan jasan nuen blokeo artistikoak zerbait eman bazidan LeGardon.net martxan jartzeko denbora izan zen, sormen proiektuetarako aholkularitza plataforma. Horrez gain, podcast bat ere martxan jarri nuen jabetza intelektualari buruz; laster bi urte beteko ditu, eta 70 programa egin ditugu.
Horrez gain, artistentzako aholkularitza zerbitzua eskaintzen duzu Irunen, Artsesoria. Zein zerbitzu eskaintzen ditu? Zeintzuk dira zalantza edo kontsulta ohikoenak?
2015etik ari naiz zerbitzu hori eskaintzen, eta zabaltzen joan da eskaera hazten joan den heinean. Norbaitek galderaren bat izanez gero, legardon.net/contacto-ren bidez niri bidaltzeko aukera dauka, baita kontsulta bat eskatu ere zalantzak edo zailtasunak badaude jabetza intelektualaren gainean, edo artearen arloko beste edozein gauzatan, nire esperientzia lagungarri bada. Funtsezkoa da artista eta sortzaileei bere konpetentziak modu eraginkorragoan garatzeko behar duten formazioa ematea, sormen komunitateak obren kudeaketarekiko erabaki kontziente eta arduratsuak har ditzan, eta hori egiten dugu gure saioetan.
Hiriko artista gazteak ezagutzeko aukera izango zenuen. Etorkizuneko artistarik bada Irunen?
Noski baietz. Baziren garai batean, badira orain, eta izango dira etorkizunean ere, zalantzarik gabe. Horrez gain, hainbat sorkuntza arlo daude askotan gurutzatzen direnak, eta hori oso aberasgarria da.
Diskoaz aparte, beste proiekturen batean ari zara lanean?
Duela gutxi Ixiar Rozas eta Rafael Martinez del Pozorekin egin dudan Unisonoa pieza aurkeztu nuen Loraldia jaialdian. Horrez gain, Hondarrak (Al Borde Films) film laburra estreinatu berri da, eta haren soinu banda originala egin dut. Bestalde, Naiel Ibarrolaren La cazadora de mitos pieza eszenikoa estreinatu berri da (Arriaga antzokian eta Kultur Leioan ikusi ahal izan da). Pieza horretan, pertsonaia gaizto baten ahotsa sortu dut, eta nire ibilbidean egin dudan lan bokal aberasgarrienetako bat izan da.
Maiatza hasieran, Ignora argitalpena aurkeztuko dugu, eta horren barruan dagoen dokumentala Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumental Jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dugu. Horrez gain, kontzertu bat eskainiko dut maiatzaren 7an Dock Live-en barruan, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan.
Ekainean, berriz, Errioxako abandonatutako herrien soinu ondare immateriala berreskuratzearekin lotuta dagoen proiektua amaituko dut. Horrez gain, ohiko aholkularitza tailer eta saioekin eta hamabostean behin egiten dudan podcastaren ekoizpenarekin jarraituko dut. Ikusten duzuenez, zorionez, ez naiz aspertzen.